Errefusa

Erabiltzailearen aurpegia Arantxa Iturbe 2019ko abe. 7a, 05:58

Ez. Errefusaren edukiontzian ez dira aldian behin bi hanka agertzen deskuidoz. Aldioro, -sarriegi-, harritzen zaituena pertsona bat da gerriraino edukiontzian barneratuta guk errefusatutakoaren artean erabilgarri zaion zerbaiten bila.

Erosketetarako orgatxoa alboan uzten du, beteta etxeratzeko itxaropena duen seinale. Ilundu ondoren lehen, egun-argiz gaur egun. Iluna behar du berez errefusaren munduak. Baina ez diot inoiz galdetu zer ikusten den zulo beltzetik haratago.

Emakume bat da gure auzoko esploratzailea. Gaztea. Ez dakit biotako zein lotsatzen den gehiago topo egiten dugunetan. Arrazoi desberdinengatik seguruaski. Edo sakon-sakonean arrazoi beragatik. Lehendabizikoz ikusi nuenean jiratu egin nintzen. Ez nuen hark nire mixeriak ikusterik nahi. Eta ondorioztatu nuen harentzat ere ez zela atsegina izango berea nire aurrean hain modu gordinean erakustea. Errefusa poltsatxoarekin itzuli nintzen etxera. Gogoan dut zabaldu eta aztertu egin nuela norbaitek noizbait erabiltzeko modukorik ba ote zen tartean. Orduko hartan ez, behintzat. Errefusa izena ondo merezitakoak besterik ez zeuden han.

Galdetu egin beharko nioke zer altxor topatu izan ote dituen guk errefusatutakoetan. Galdetu egin beharko nioke ea noizbait eraman izan ote duen espero gabeko opariren bat edukiontzi horretatik. Pentsatu nahi dut baietz. Buruz beherako arrantzan egokitu zitzaiola behin zerbait poztu zuena eta horregatik itzultzen dela zabor artera berriz ere gerta litekeelakoan (norbaitek ahaztutako euroa aurkitu, eta aldioro besteren bat agertuko delakoan edarien makina arakatzen duen umeak bezala). Eta batez ere, galdetu beharko nioke nor den, nondik datorren, zer bizimodu egiten duen, maite duenik ba ote duen etxean zain eta merezi al duen gure herrira etorri izanak.

Ez diot ezer galdetzen. Bi hankak ikusten ditudanean 'egunon' esaten diot. Berean kontzentratuta, ezustean harrapatzen du gehienetan diosalak. Hankak eta begirada lurrera jaitsi eta apartatu egiten da nik poltsa bota arte. Ni eta nire egonezina aldendutakoan heltzen dio batzuetan bere eginkizunari. Beste batzutan, nahikoa duela iritzita edo, bera eta bere egonezina kontrako bidean abiatzen dira.

'Lehengoan izan nintzen Tolosan, aspaldiko partez. Ze polita dagoen!', esan dit batek baino gehiagok denbora gutxian. 'Oso', erantzuten diet politeziaz. Errefusa edukiontzietara poltsak botatzen ditugunentzat ederra dago benetan. Ez dakit ze izenondo erabiliko ote luketen errefusa edukiontzietan bila ibiltzen direnek. Desberdina behar du nahi eta nahi ez buruz beherako ikuspegiak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!