Tolosaldea Durangon ere

Leyre Carrasco 2019ko abe. 5a, 19:59

Abian da Euskal Herriko kultur sorkuntzak duen erakusleihorik handiena, gure kulturaz jabetzeko aukera paregabea da Durangoko Azoka, eta urtero moduan, Tolosaldekoak ere bertan izango dira.

Durangoko Azokak aurten 54. edizioa ospatuko du Osorik DA!lelopean Azokako osagai guztiei erreferentzia eginez. Landako guneak ateak gaurtik abenduaren 8ra arte zabalik izango ditu, eta urtero bezala, bertan hainbat erakusmahai batuko dira aurtengo nobedade nagusienak publikoari erakusteko asmoarekin. Stand bakoitza mundu bat da; batzuk argitaletxe handienak dira eta beste batzuk hasiberriak diren hainbat sortzailek partekatzen dituzte.

Edizio honetako kartela Oier Zuñiga artistak (Iruñea, 1986) sortu du. Kartelarekin Azokaren ekosistema osoa irudikatu nahi izan du lau zatitan bereiziz eta ezaugarri bakoitzari erreferentzia eginez: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi), gerria (hartu eta eman) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Autoekoizleen Plaza da Landako Guneko erakusmahai berezienetakoa, eta guztira 405 nobedade eskura izango diren 264 erakusmahaiez beteko da aurten, eta bertan 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta betelako 20 berrikuntza egongo dira aukeran, besteak beste. Bestalde, 14 sortzaile ere batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Horietako 29 nobedade Tolosaldearekin zerikusia dute, egilea edo ekoiztetxea eskualdekoa delako. 

TOLOSALDEKO NOBEDADEAK

Liburuak

Altzoko Handia eta Kutixiren amonaeta Altzoko Handia eta Kutixiren malkoak.Koldo Izagirrek idatzitako testuak eta Irrimarrak egindako ilustrazioekin osatutako lana. Erein argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Belardo: ba al zatoz?.Iñaki Martiarena, 'Mattin' ezizenez ezaguna den euskal komikigilearen Belardo komiki pertsonaiaren aurkezpena. Liburua eta komiki tailerra aurkeztuko du. BERRIA egunkariko Mantangorri gehigarrian argitaratzen da larunbatero Belardo komikia. Euskal Editorea, S.L.

Beti bezala, ezer ez?.Christian Voltzen testua eta Xabier Olarra tolosarraren itzulpena. Pamiela argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Ekologiaren alde nago baina... nire kontsumoa ekologiaren aldekoa al da?.Gorka Egia, oreindaindarrak idatziko kontsumo jasangarrirako oinarrizko gisa praktiko bat. Liburuak, bere barnean dauden QR kodeen bidez, azalpen bideoak ikusi eta bere barnean Egiak sortutako kantu bat ere badauka. Natura eta Aisia: bidaiak, sukaldaritza...

Etxeak eta hilobak.Bernardo Atxaga asteasuarraren eleberria. Pamiela argitaletxea. Narratiba.

Euskararen bidegurutzetik.Kike Amonarriz tolosarrak idatzitako liburua. Elkar argitaletxea. Biografiak eta saiakerak.

Goliat eta izarrak.Patxi Zubizarretak idatzitako liburua. Ibaizabal argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Iluneko Argi.Juan Kruz Igerabide adunarrak idatzitako liburua. Ibaizabal argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Jainko-Jaikosen lasterketa.Mikel Valverderen testuak eta Ramon Olasagasti berrobiarraren itzulpenak. Elkar argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Joana Maiz.Yurre Ugarte tolosarra da egilea. Elkar argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Leo sabanako errege.Amezketako Mikel Gurrutxagaren testuak eta Maite Gurrutxagaren ilustazioak. Elkar. Haur eta Gazte Literatura.

Mehatxua.Garbiñe Ubeda tolosarra da egilea. Elkar argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Natur labur mintzo.Pello Zabala amezketarra da egilea. Alberdania argitxaletxea. Biografiak eta Saiakerak.

Nik ez dakit zer den beldurra.Karlos Linazaroso tolosarrak idatzitako eleberria. Erein argitaletxea. Narratiba.

Tximeletak hondartzan.Maixa Zugasti tolosarraren testuak eta Aitziber Alonsoren ilustrazioak. Erein argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Zertara datoz martetarrak?.Iñaki Zubeldia ikaztegietarra da egilea. Ibaizabal argitaletxea. Haur eta Gazte Literatura.

Arabako Errioxako eno-kultura sarea.Baliarraingo Josu Ozaita eta Edurne Urrastarazu. Arabako Foru Aldundia.

Aldizkariak

Irria 90. Eroriz ikasten da oinez.Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aldizkaria. Irrien Lagunak. Haur eta Gazte Literatura.

Jakin 233-234.Jakin aldizkarian, Lorea Agirre beasaindarra eta Haritz Azurmendi albizturtarraren artikuluak agertzen dira Maitasuna politika daizenarekin. Jakin Fundazioa.

Musika

Lau.Alos Quartet taldearen disko berria. Xabier Zeberio tolosarrak konposatutako eta moldatutako 16 piezaz osatutako diskoa da. Euskal Folklorea.

Zure aurrean.Bihozkada, Villabonako taldearen disko berria.Pottoka estudioetan grabatua. Euskal pop-rock. Musika Zuzenean.

Dardara hura.Don Inorrez Tolosako Imanol Ubedaren binilozko singlea (CDa ere badu barnean). Paco Loco ekoizlearekin batera ondu dute. Pop. Musika Zuzenean.

#3.Jupiter Jon eta Amaren alabak-en diskoa, Jupiter Jonen Tolosako Baxi Ubedak hartzen du parte. Karlos Osinagak Tolosako Bonberenean grabaturik. biDEhUTS. Euskal Folklorea.

After-Egon.Onki Xin Zizurkil eta Irungo taldea. Mauka diskoetxean argitaratua. Musika Elektronikoa.

Loratu.Habi taldea, Villabonako power duoaren lehen diskoa. Victor Sanchez soinu teknikariaren laguntzaz autoeskoiztua eta Elkar estudioetan grabatua. Rock.

Argitalpen elektronikoak

Musua.Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Katxiporreta ekoiztetxearen bitartez argitaratutako disko-liburua. 12 kanta eta 12 kontukantu jasotzen ditu. Antzerki Musikala.

Bestelakoak

Orainean naiz.Ikaztegietako Maite Eizmendi yoga irakaslearen Yoga saio baten bigarren CDa. Sortze prozesua azalduko du, CDa entzunez. Auto Ekoizpena.

Bikote kartak.Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Katxiporreta ekoiztetxean argitaratutako karta jokoa. 15 karta serie eta Buruezurra-ren kartak osatzen dute sorta.Haur Jolasak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!