Alokairuan bizitzeak dakarrena

Leyre Carrasco 2019ko abe. 5a, 19:58

Asko dira alokairuan bizitzera goazenean kontuan hartu behar ditugunak; kontratua sinatu aurretik baldintza eta eskubide askoren jakitun izan behar dute, bai maizterrak, bai eta jabeak ere.

Gurasoen exea utzi behar izaten duten gazte askoren arteko kezka nagusiena emantzipatzea izan ohi da. Askok erronka moduan hartzen dute, alokairuan etxebizitza batean sartzeak errespetua ematen baitie. Eta, ez da gutxiagorako, gaur egun, etxebizitza bat denboraldi baterako alokatzen dugunean, asko baitira kontuan hartu beharrekoak, eta jarraitu beharreko urratsez eta bete beharreko baldintzez ohartarazi du Arantxa Izagirre tolosar abokatuak.

Epea da etxebizitza alokatzean neurtu beharreko lehenengo ezaugarria, eta horretarako, jabea zein den ere aintzat hartzeko esan du. «Izan ere, ez da gauza bera jabea pertsona fisiko bat ala pertsona juridiko (enpresa, elkarte...) bat izatea». Hala, jabea pertsona fisikoa baldin bada, maizterrak gutxienez 5 urtez alokatu ahalko du etxebizitza. Aldiz, pertsona juridikoen kasuan, epea 7 urtera luzatuko da. Kasurik egokiena urtebete baino gutxiagoz alokatzea dela dio abokatuak, «urtebete baino gehiagorako alokatzean, denboraldi baterako etxebizitza baino ohiko etxebizitza dela ulertuko baitu legeak».

Epea eta gero, maizterrak egin beharreko gastua izango da kontuan hartu beharreko bigarren urratsa. Alde batetik bermea dago, etxea hartutako egoera berean uztea da horren helburua, eta ez errentaren ordainketa bermatzea. «Garai batean, bermea jabeak gordetzen zuen, baina duela urte batzuk, Eusko Jaurlaritzak gordetzen ditu», dio Izagirrek. Horrekin batera, bada beste aldaketa bat, izan ere, «hilabeteko errentaren adinako bermea izan beharko luke, baina gaur egun jabeak zorrotzagoak dira eta berme handiagoa nahi izaten dutenez, bi hilabeteko bermea ere eskatzen dute». Hala ere, abokatuak argi utzi du legeak «hilabete bateko errenta soilik» eskatzen duela.

Maizterrak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi duen berme hori, behin kontratua amaituta, itzultzea eskatuko luke, dagozkion dokumentuak aurkeztuta.

GASTUAK

Etxebizitza alokatzean aurre egin beharreko gastuei begiratzeaz gain, etxebizitzak dituen ohiko gastuei erreparatzea ere gomendagarria da. Horien artean daude bizilagunen komunitateko gastuak. Arantxa Izagirre abokatuak aholkatu duenez, gastu horiek etxebizitzaren jabearekin adostea komeni da. «Kontratuan idatzita egon behar du gastu horiek nork ordaindu behar dituen, bertan islatzen ez bada luzera arazo izan baitaiteke». Argia, ura edota wifia bezalako gastu arruntak kontratuak zehaztu ohi ditu noren esku doazen, eta normalean maizterrak ordaintzen baditu ere, jabearekin negoziatu daitekeela dio abokatuak.

Ohiko gastuen artean sartuko lirateke, era berean, udaletik iristen diren zergak, hala nola, zaborrarena edota estoldarena, eta horiek ere normalean maizterrak ordainduko ditu, «etxebizitzaren erabileraren ondorio baitira».

Badira, halaber, ezohikoak edo bereziak izan daitezkeen gastuak, eta horiek etxebizitzaren jabeak ordaintzen ditu beti. «Fatxada berritzean, teilatua konpontzean edota igogailua jartzean, etxebizitzaren balioa handitzen da, eta horren etekin nagusia jabeak izango du.

Ondasun Higiezinen Gaineko Zergari dagokionean, jabearekin negoziatzea dela «ohikoena» dio abokatuak. «Gehienetan, urte osoko ordainketa batean ordaintzen da baina legeak esaten duenez, 12 hilabetetan zatitzea posible da».

Etxebizitza asegurua ere alokairuan etxebizitza bat hartzera goazenean kontuan hartu beharreko gastua da. «Etxean zerbait gertatuz gero, jabeak ez du zerikusirik izango gertatutakoarekin, maizterraren ardurapekoa izango da, eta horregatik gomendagarria da asegurua egitea».

INBENTARIOA

Bestalde, etxebizitza alokatzeko kontratua idazten ari garenean, bertan dauden altzari guztiak gehigarri batean zehaztea komeni da. Jabeak, beraz, inbentario bat sortu beharko du, altzari bakoitzaren deskribapena eginez. «Maizterrari etxean dagoen altzariren bat puskatuz gero, jabeari jakinaraziko dio, eta baita altzariren bat erosi duenean ere. Azken batean, etxebizitzan gertatzen den guztiaren berri jabeari aitortzea da egokiena, gaizki ulertuak egon ez daitezen», dio Izagirrek.

KONTRATUAREN IRAUPENA

Pertsona fisikoa izan ala juridikoa kontratuaren gutxieneko epea 5 edo 7 urtekoa izango da. Baina, epe horretara iristean zer gertatuko da? Aukera desberdinak egon litezke egoera horretara iristean. Agian jabearen asmoa kontratua ez luzatzea izan liteke, eta kasu horretan, maizterrari bi hilabete lehenago jakinarazi beharko dio. Maizterra bada etxebizitza utzi nahi duena lau hilabeteko epearekin esan beharko dio jabeari. «Batak zein besteak ez badute ezer esaten, bere horretan jarraitu nahi dela ulertuko da, eta automatikoki luzatuko da kontratua, beste hiru urterako. Gerta daiteke, baina, kontratuan zehaztuta geratzea maizterrak epea igarota etxebizitza utzi egin behar duela, eta kasu horretan derrigorrez utzi egin beharko luke etxebizitza», zehazten du Izagirrek. Eta, hori horrela egiteko arrazoiak desberdinak izan daitezke abokatuak azaldutakoaren arabera: «demagun etxebizitzaren jabearen alaba edo semea ezkontzera doala eta ondoren, alokagai izan duten etxebizitza hori hartu nahi dutela. Bada, zehaztu egin daiteke alokairuan eduki nahi den tartea, eta ondoren, hutsik geratu beharko litzateke».

LEGEA BI ALDEENTZAT

Asko dira, beraz, etxebizitza batera alokairuan bizitzera joan aurretik, eta ondoren kontuan hartu behar diren ezaugarriak. «Jabeak bere etxebizitza zaintzea eta errenta ordaintzea izango du buruan, eta maizterrak, hori guztia gogoan izatea, beti ere jakinda, legeak bi aldeentzako ezartzen dituela bai ardurak, bai eta eskubideak ere».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!