U30 Greba Orokorra

LAB-eko ordezkariek urtarrilaren 30ean "planto" egitera deitu dute

Ataria 2019ko abe. 4a, 13:12

Buruntza, Goierri eta Tolosaldea eskualdeetako LAB-eko ordezkariek prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian, Ibarran. 

Urtarrilaren 30erako greba deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak. LAB-eko ordezkariek bat egin dute deialdiarekin, eta herritarrak egun horretan "planto" egitera deitu dituzte.

"Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte daramatza pentsio duinen alde astero mobilizatzen: bide horretan, pentsioen eremuaz gaindi, modu zabalagoan plnato egiteko beharra plazaratu dute, beraien aldarrietatik harago joateko asmoz". Egoera hori ikusita, LAB-eko ordezkariei "beharrezkoa" iruditzen zaie jauzi bat ematea, "lan baldintza, pentsio eta bizitza duinaren aldeko borrokan".

Ibarran azaldu dutenez, "konbentzimendu hirukoitz batek batzen gaitu: batetik, pentsioena denon afera dela, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; bestetik, lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da, eta azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira".

LAB-en esanetan, urtarrilaren 30eko greba orokorra lan, pentsio eta bizi duinaren aldeko greba izango da: "Bizi baldintzak duintzeko eta aberastasunaren bidezko banaketa baten aldeko greba izango da, ekonomia fase berriari harresi bat jartzeko, patronala eta erakundeak interpelatzeko eta demokrazia eta burujabetzaren bidean aurrera egiteko". "Ez da erantzun bat emateko greba, ofentsibara jotzeko greba baizik", gaineratu dute.

Krisiaren aitzakian, azken hamarkadetan azkartu den lan eta bizi baldintzen prekarizazioari mugak jartzea erabaki dutela azaldu dute. "Lan baldintza, pentsio eta bizitza duinak bermatuko dituzten 30 neurriren Aldarrikapen Taula adostu dugu". Hauek dira aipatu dituzten puntu batzuk: 

  • 1.200 euroko gutxieneko soldata.
  • 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.
  • 35 orduko lan astea.
  • Soldata eta pentsio arrakalaren amaitzea.
  • Pentsio eta lan erreformak bertan behera geratzea. 
  • Madrilgo inposaketen aurrean, hemen erabakitzeko eskubidea. 

Urtarrilaren 30ean "langileen erabakitzeko eskubidearen defentsan" irtengo direla kalera azaldu dute LAB-etik. "Hemen erabaki nahi ditugu lan harremanak edo pentsio sistema, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren aldeko greba izango da", azaldu dute. 

"Borrokak merezi duela azpimarratu nahi dugu", esan du LAB-ek. "Borrokaren bitartez eskubideak eskuratzen ditugu; borrokaren bitartez austeritate politikak eta patronalak prekarizazioarako duen grina gelditu ahal dugu. Urriaren 30ean, zalantzarik gabe, Euskal Herriak planto egingo du", esanaz amaitu dute gaurko prentsa agerraldia LAB-eko delegatuek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!