Emaitza «oso onak» kopan

Ataria 2019ko abenduaren 3a

IKT Tolosaldeako igerilariak Euskal Herriko Kopan lehiatu dira.

Euskal Herriko Kluben Arteko Igeriketa Kopa izan da jokoan asteburuan Usabal igerilekuan, eta IKT Tolosaldeak emaitza «oso onak» lortu ditu, Nerea Pagola taldeko teknikariak azaldu duenez. Mutiletan bigarren postua eta nesketan bosgarrena eskuratu dituzte, eta orokorrean hirugarrena. Euskal Herriko zortzi talde indartsuenek parte hartu dute lehiaketan.

Mutiletan orain arte lortutako postu onena berdindu dute. «Ez genuen postu hori aurreikusten, beraz, oso pozik», esan du Pagolak. «Nesketan gure zalantzak bagenituen, baja batzuk izan ditugulako taldean, eta igerilari gazteak sartu dira. Bosgarren postua oso ondo dago, eta gainera puntu bakarrera geratu gara laugarrenetik».

IKT tolosaldearentzako txapelketa «oso berezia» dela azaldu du Pagolak. «Taldeka jokatzen diren bakarrak dira. Egutegiko proba guztietan parte hartu behar da eta proba bakoitzeko bi igerilarik parte hartzen dute, eta egiten dutenaren arabera puntuak lortzen dira. Asteburu guztian lortutako puntuak banatzen dira eta bigarren eguneko arratsaldean lortzen da azken sailkapena». Normalean lehiatzen direnean, igeriketan «nahiko bakarkako ikuspegia» izan ohi dutela dio, «baina asteburu honetan ez, ikuspegia erabat taldekoa da».

Zenbait marka aipagarri ere egin dituzte txapelketan. Eneko Garmendiak 50 eta 100 metro bizkar probetan irabazi zuen (25,98 eta 55,61); Eneko Barriolak 200 metro bizkarretan (2.03,04); Maddi Barriola 200 metro tximeletan 17 urte azpiko Euskal Herriko markatik oso gertu geratu zen 2.19,63 eginez; 4x50 metro estiloetan mutilek Espainiako Absolutu Txapelketako gutxieneko marka lortu zuten, eta taldeko hainbat marka ere hautsi ziren.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!