Hirigintzako planetan euskararen zeregina aztertuko dute udalek

Irati Saizar Artola 2019ko abe. 3a, 11:59

Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu du EAEko Udal Legeak euskarari buruz emandako arauak garatzeko; Tolosaldeko udalek neurri berrietara egokitu beharko dute.

Eskualdeko herriek hirigintza plan bat onartu aurretik, euskarari nola eragiten dion aztertu beharko dute. Ez soilik Tolosaldekoek, EAEko udal guztiek egin beharko dute gauza bera. Eusko Jaurlaritzak dekretu bat onartu zuen pasa den astean, EAEko Udal Legeak euskarari buruz emandako arauak garatzeko.

Hirigintzako proiektuek ekologia, genero eta gizarte ikuspegia jasotzeaz gain, hemendik aurrera, eragin linguistikoa ere jaso beharko dute. Berrikuntza horrez gain, hirugarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten langileek lanean euskaraz egitea ezarri dute.

2016an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Udal Legea. Euskara «berezko hizkuntza» izendatu zuen, eta erabilera «normala eta orokorra» ezarri. Lege horrekin hizkuntza politikako eskumen batzuk jaso zituzten, eta dekretuarekin, eskumen horiek nola erabili zehaztu dituzte.

Besteak beste, udal langile, hautetsi, herritar, udalak egindako kontratazio eta hirigintza planetan izango du eragina dekretuak.

Berritasun «garrantzitsuak» direla eta Tolosaldeko udalei «aukera berriak» irekitzen dizkietela azaldu dute Galtzaundi Euskara Taldekoek. «Hemen ere baditugu etxeko lanak».

EUSKARA LEHEN LERROAN

Dekretuan zehaztu bezala, euskararen aldeko «ekintza argiak» abiatu beharko dituzte udalek, hizkuntza sustatzeaz eta erabilera dinamizatzeaz gain. Hori horrela, udal bakoitzak euskara planak egin beharko ditu, eta irizpide batzuk zehaztu, udalaren barne jardueretan euskararen erabilera hazkorra ahalbidetzeko.

Modu horretan, dekretuan zehatz jaso dituzte honako neurriak: besteak beste, deiak euskaraz hartzea, ziurtagiriak euskaraz edo ele biz ematea eta argitalpenak eta ekitaldiak «gutxienez» euskaraz egitea. Euskara hutsean egin ahalko da, baina ez erdara hutsez.

Udalerri bakoitzeko «egoera soziolinguistikoaren arabera» moldatu egingo dituzte hizkuntza irizpideak, baina, dena den, euskara «geroz eta gehiago» erabiltzeko eskatu dute.

LAN TRESNA

«Langileek hizkuntza eskakizuna egiaztatu badute, nahikoa gaitasun aitortuko zaie lanpostuaren berezko funtzioak bi hizkuntza ofizialetan egiteko». Horrela jasotzen du dekretuak. Beraz, langileek egiaztagiria badute, euskaraz ez egiteko arrazoirik ez da egongo. Era berean, EGA ziurtagiria baino handiagoa dutenen kasuan, euskaraz lan egin beharko dutela jaso dute dekretuan.

Hala ere, langile publikoen eta hautetsien hizkuntza gaitasuna bermatzeko beharra izango dute udalek, prestakuntza ezberdinen bitartez.

Bestalde, udalek zenbait zerbitzu beste enpresen bitartez eman ohi dituzte, eta kasu horietan ere, hizkuntza eskubideak berdin bermatu beharko dituzte, udaleko langileak izango balira bezala. Hori lortzeko, kontratuetako irizpideetako bat beharko du izan hizkuntzak, eta ondoren, enpresek bermatu beharko dute langile euskaldunak egotea.

BESTE NEURRIAK

Langile publikoen eta hautetsien ahozko zein idatzizko hizkuntza gaitasuna bermatzeko beharra izango dute udalek, prestakuntza bitartez. Besteak beste, euskara ikasteko aukera jarriko zaie zinegotziei.

Dekretuak nahiz eta bide eman udalei euskara hutsean aritzeko, nola dokumentuetan, hala lan saioetan, zinegotziren batek argudiatzen badu ez duela euskaraz ulertzen, ele biz eman beharko dizkiote agiriak, eta itzulpen zerbitzua bermatu beharko diote bileretan.

Era berean, dekretuak jasotzen duenez, herritarren kasuan haiek eskatutako hizkuntzan eman beharko du zerbitzua udalak. Eta langileak euskaraz ez badaki, bera arduratuko da laguntza eskatzeaz, eta herritarrari ez dio erdaraz eginaraziko.

ERAGIN LINGUISTIKOA

Hirigintza proiektuak onartzerako udalek aztertu egin beharko dute euskarari nola eragingo dion: hirigintza planak, azpiegiturak eta horrelako egitasmoak onartu aurretik, eragin linguistikoa aztertu beharko dute. Udalak berak egin beharko du analisi hori.

Neurri horrekin, «era negatiboan eragin dezaketen» egitasmoak aztertuko dituzte: hirigintza eta turismo planak, eta merkataritza guneak eta industrialdeak egiteko proiektuak. Arnasguneen kasuan, Tolosaldean kasu, «euskararen erabileran eragina izan dezaketen plan eta proiektu guztiak» ebaluatuko dituzte.

Erdalduntzen ari diren herri euskaldunenetan jarri dute arreta, eta hor erantzukizuna izango dute udalek. Galtzaundiren ustez, «inon izatekotan, Tolosaldearen kasuan nabarmena da hirigintzak, beste faktore batzuekin batera, nolako eragina izan duen arnasguneak erdalduntzen: etxe sail handiak egin diren garai berean jaitsi dira euskararen ezagutza eta erabilera Tolosaldeko herri txikietan».

UDALEN ZEREGINA

Badute lana, beraz, eskualdeko udalek. Idoia Olano Anoeta eta Irurako euskara teknikariak berri «pozgarria» dela azaldu du, «aurrerapausoak ematen ari direla ikusi dugu». Udaletara ere iritsi berri zaie dekretuaren inguruko albistea eta «eseri, ondo irakurri» eta aurrera begira «pausoak» eman behar dituztela dio. Dekretuarekin «eskumen eta tresna gehiago» dituzte, eta udaletan eginak dauden euskara planetan «moldaketak» egin beharko dituztela argitu du.

Galtzaundik azaldu duenez, dekretuak hiru ardatz azpimarratzen ditu: «udalak aktibatzea, arnasguneak babestea eta elkarlana hauspotzea». Eta horri forma emateko, «oinarri sendoa taxutzen» ari dira eskualdean: Tolosaldeko Euskararen Mahaia. «Orain arte ikusi gabeko lankidetza eredua lortu nahi du horrek: erakundeak eta eragile sozialak parez pare esertzea, gogoetak eta erabakiak konpartitzea, adostasunak eta desadostasunak jostea, eta baliabideak eta tresnak sinergia bihurtzea».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!