Jaka eta Artola lehen bi postuetan, Altuna III.a zortzigarren

Tolosaldeko Ataria 2019ko abe. 2a, 19:57

Bi jardunaldi jokatu dira binakako txapelketan. Iñaki Artola ezustekoa ematen ari da; Erik Jaka aurreikusi bezala dabil, eta Jokin Altuna lehen puntua lortu ezinik. 

Elkarren aurka jokatu zuten ostiralean Jokin Altunak eta Erik Jakak, Amezketan. Bi pilotariak Zazpi Iturri elkartetik ateratakoak izanik, biak zeuden etxean. Garaipena, ordea, lizartzarrarentzat izan zen 22-17. Lau pilotariak euren mailan aritu ziren, eta hori, atzean Zabaleta nagusi izan zela esatea bezala da. 

Iñaki Artola eta Ander Imaz lanerako eta ezustekorako daude txapelketa honetan. Hori bi jardunaldietan argi geratu da. Lehenengoan dizdira handirik gabe egin zuten lan, baina 22ra iristea lortu zuten. Bigarrengoan lanari ikuskizuna gehitu zioten, eta 22-13 irabazi zion Urrutikoetxea eta Olaizola II.ari. Errebotetik gertu eduki zuten atzelari bizkaitarra, eta aurrelari goizuetarra, pilotari begira; jokoan ezin sartu.

Bi garaipen hauekin, Jaka eta Artola sailkapen nagusiaren goiko aldean daude. Altuna III.a, berriz, lehen puntu lortu ezinik.

3. jardunaldia  

Sailkapenean gora egiteko aukera igandean izango du Jokin Altunak. Galartza atzean duela Irribarria-Rezustaren aurka jokatuko du amezketarrak, Eibarko Astelenan. 

Jardunaldi hori, ordea, ostiralean hasiko da Tolosako Beotibarren. Artola-Imaz berriro bertan izango dira. Oraingoan, Bengoetxea VI eta Mariezkurrena II.a izango dituzte aurrean.

Erik Jakak larunbatean jokatuko du Iruñeko Labriten, Ezkurdia-Martijaren aurka, Zabaleta atzean duela. 

SAILKAPENA

  Bikoteak Irab. TAld. TAurk. Bat.-best.
1 JAKA - ZABALETA 2 44 22 22
2 ARTOLA - IMAZ 2 44 31 13
3 EZKURDIA - MARTIJA 1 43 39 4
4 BENGOETXEA VI - MARIEZKURR. 1 43 43 0
5 OLAIZOLA II - URRUTIKOETXEA 1 35 43 -8
6 IRRIBARRIA - REZUSTA 1 27 43 -16
7 LASO - ALBISU 0 39 44 -5
8 ALTUNA III - L. GALARZA 0 34 44 -10

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!