Indarkeria matxistaren aurkako eguna 2019

Tolosaldeko Asanblada Feministaren atzoko irakurketa

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 26a, 11:41

Tolosa eta Ibarra kate batekin elkartu ondoren, azaroaren 25ean ondorengo irakurketa egin zuten Tolosaldeko Asanblada Feministako kideek:

"1960ko azaroaren 25ean, Dominikar Errepublikan, Mirabal ahizpak erail zituzten Trujillo diktadorearen aginduz, eta hilketa haien harira dugu gaurkoan Indarkeria Matxistaren Kontrako eguna. Mende erdi baino gehiago pasa bada ere, ospatzeko gutxi dugu, indarkeria matxistak jarraitzen baitu gure bizitzak erabat baldintzatzen. Euskal Herrian bertan, 102 emakume eta 11 ume hil dituzte 2003tik hona, azkena Baionan hilabete honetan bertan. 

Baina badakigu hilketak indarkeriaren adierazpen muturrekoenak direla, eta bortxa askoz harago doala, legeak aitortzen duen bikote arteko indarkeria baino askoz zabalagoa dela. Badakigu genero-bereizketa eta sistema heteropatriarkal kapitalista eta kolonialista dituela oinarri. Indarkeriaren funtzioa izan da, eta da, maskulinitate eredu jakin bat birsortzea, eta, noski, emakumeok kontrolpean izatea: beldurtuta eta meneko nahi gaituzte. Badakigu, era berean, indarkeria patriarkalak badituela milaka aurpegi, eta ezin dela ulertu, generoaz gain, klasea, hautu sexuala, arraza, hizkuntza, gaitasunak...alegia, gurutzatzen gaituzten zapalkuntza guztiak, kontuan hartu gabe. Ez al da indarkeria soldata-arrakala, edota emakume pentsiodunen egoera? Zerbitzu publikoen merkantilizazioak ez al du zaintza emakumeen gain uzten? 

Bereziki salatu nahi dugu aurtengo udaberrian Tolosako etxebizitza batean etxeko langile baten aurka gertatutako bortxaketa. Laster epaituko dute erasotzailea Donostian. Doakio gure babes osoa emakumeari, eta era berean, bestelako politika eta neurriak exijitzen ditugu etxeko langileek baldintza duinak izan ditzaten! Esklabotzarik ez! 

Besarkadarik beroena baita ere Espainian tortura sexista gogorrak sufritu ondoren Suitzan errefuxiatu dagoen Nekane Txapartegi asteasuarrari. Bere aurkako beste estradizio eskari bat egin du Espainiak. 

Indarkeriak hamaika dira, eta gero eta argiago dago kapitalaren logika eta bizitzarena bateraezinak direla; izan ere, kapital-metaketa lurraren suntsipenean eta pertsonen arteko desberdintasunetan oinarritzen da. Eta indarkeria baliatzen du etengabe egoera hau iraunarazteko, krisi garaietan are gehiago: ikusi besterik ez dago diskurtso autoritarioak eta faxismoa bera nola normalizatzen ari diren, urteetako borrokaz lorturiko eskubide apurrak zalantzan jartzeraino. Durangon erakutsi genuen bezala, gero eta gehiago gara, eta dena aldatu nahi dugu! Jarrai dezagun indarkeriak ikusarazten, zuriketa moreak eta zigorrean oinarrituriko sasi-irtenbideak baztertuta! Jarrai dezagun ahalduntzen, hausnartzen, antolatzen eta kaleak hartzen, guztiok aske izan arte! Indarkeria matxistaren aurrean, saretze eta autodefentsa feminista! 

Gaurko egunez, Dominikar Errepublikako Mirabal ahizpak gogoan ditugun bezala, bat egiten dugu faxismoaren aurka eta bizitzaren alde borrokan ari diren Rojabako emakume kurduekin, baita Hego Ameriketan, eta bereziki, Bolivian, jatorrizko herri indigenen defentsan ari diren feminista komunitario guztiekin ere! Zuekin gaude !!!

 

Euskal Herritik ozen diogu: Gora borroka feminista!"

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!