Euskal Herriko Eskubide Sozialen gutunak urtarrilaren 30erako deitu ditu langileak grebara. “Pentsio eta bizitza duinen aldekoa” izango da greba, eta pentsiodunek azken bi urteetan egindako mobilizazioekin lotu dute sindikatu eta beste talde deitzaileek. Bilbon agerraldia egiten ari dira orain protesta egunaren zergatiak azaltzeko.
Urrian jakinarazi zuen Eskubide Sozialen Gutunak greba antolatu nahi zuela, baina ez zuen data zehaztu, aurretik beste eragile batzuekin hitz egin behar zuelako.
Orduko hartan, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak nabarmendu zuen pentsiodunen mugimendutik sortutako ekinaldia izan zela, eta eragile sozialekin eta sindikalen laguntza nahi zutela beren borroka hedatzeko. “Egungo egoera ikusita, erantzunak eta alternatibak hainbat sektoretatik bideratu dira; pentsiodunetatik, feminismotik, ekologismotik eta lan baldintzen aldeko borroketatik. Greba horiek guztiak gure grebak dira; denekin bat egiten dugu». Beraz, urtarrileko grebaren helburua da borroka horiek guztiak batzea.
Lakuntzaren arabera, grebak balio behar die “agenda politikoan kokatzeko” sindikatuen kezkak eta aldarrikapenak, “ikusgarritasuna izateko”. Baina ez hori bakarrik: esan zuen eragile sozialen eta sindikalen ardura jendea antolatzea eta kontzientzia piztea dela. «Grebak hori lortzen laguntzen digu, kontziente baikara nola lortu diren orain dauzkagun eskubideetako asko».
Egungo testuingurua oso ilun marraztu zuen Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak: «Prekaritatearen hedapena ikusten ari gara soldatetan eta lan baldintzetan; ez da garatu babes sare egokirik, eta ez zaio babesik ematen behar gehien duen jendeari. Bizitzaren alderdi guztietara hedatzen ari da prekarizazioa, eta desberdintasun sozialak gero eta handiagoak dira».
«Bizitza erdigunean jarriko duen eredu bat» bultzatu nahi du gutunak mobilizazio horrekin, «zaintzari eta planetaren jasangarritasunari lehentasuna» emango diona. Eredu horren ardatzak izango liratekeenak ere zerrendatu dituzte: aberastasunaren birbanaketa, sektore publikoaren lidergoa eta eskubideen unibertsaltasuna.
Gobernuei kritika
Aranburuk kritika egin zien Hego Euskal Herriko bi gobernuei, haren iritziz ez direlako gai izan kontrako norabidean doazen Espainiako Gobernuaren neurrien bestelako politikak hartzeko. «Jaurlaritzak aurkeztu berri duen aurrekontu proiektuan diote ez direla zuzenduko orain arteko politika neoliberalak; orain arte bezala, gehiengo sozial bati bizkarra ematen segituko du Urkullu lehendakariak». Baina gogora ekarri zuen euskal gizartean pentsiodunak, langileak, emakumeak eta gazteak mobilizatzen ari direla, «nahiz eta prekaritatearen hedapenaren helburua jendea desaktibatzea den». Horregatik, greba egiteko beharra nabarmenagoa dela esan zuen.
Grebaren aurretik, hainbat mobilizazio egin dituzte pentsiodunek eta Gutuneko kideek. Azaroaren 16an, pentsiodunek manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
CCOOren kritikak
Sindikatu guztiek ez dute bat egin grebarekin. Kanpoan geratu da CCOO, eta kritiko agertu da grebara deitu duten pentsiodunen elkarteekin ere. “Pentsiodunen mugimenduak erabaki bat hartu behar du: ea aurrerantzean ere euskal gizartea ordezkatuko duen eragile bat izango den, ala sindikatu abertzalearen eta baztertzaileen makulu sozial bihurtuko den”. Pluraltasunari eutsiz gero, pentsiodunen mugimenduari babesa eskaini zion Loli Garcia Euskadiko CCOOk idazkari nagusiak.