Aisha Etxeberria finalean eta Miren Larrarte finalerdietan

Ataria 2019ko azaroaren 25a

Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketako finalera iritsi da Aisha Etxeberria amezketarra, 16 urtez azpikoetan; larunbatean jokatuko du finala Otxandion. Miren Larrarte bidaniarrak, berriz, finalerdietara iristea lortu du pilota mixtoan, eta igandean izango du jokoan finalerako txartela Galdakaon.

Lau eta erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa azken txanpan sartu da asteburu honetan. Mañarian eta Zamudion izandako jardunaldietan 16 urtez azpiko eta promozio mailako finalak erabaki ziren, eta pilota goxoko lehen mailako eta pilota mixtoko finalerdietan nortzuk arituko diren ere argituta geratu zen.

16 urtez azpikoetan finalera iritsi da Aisha Etxeberria amezketarra. Larunbat honetan izango du finala, Otxandion, Ainhoa Romero lemoaztarraren aurka. Promozio mailako finala ere egun horretan jokatuko da, baina ez da eskualdeko ordezkaririk izango: Amaia Jaka eta Ainhoa Ruiz de Infante arituko dira lehian. 

Pilota goxoko lehen mailan, Maider Mendizabal anoetarrak ezin izan zuen final-laurdeneko partida irabazi. Iera Agirre aurkariak 18-11 irabazi zion eta txapelketatik kanpo geratu zen. 

Pilota mixtoari dagokionez, final-erdietarako txartela eskuratu zuen Miren Larrarte bidaniarrak. Igande honetan jokatuko du finalerdia, Laia Salsamendi uhartearraren aurka, Galdakaon, 12:00etatik aurrera. Irabaziz gero, abenduaren 15ean izango da finala, Barakaldoko udal pilotalekuan. Pilota mixtoko zein goxoko lehen mailako finalak jokatuko dira egun horretan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!