Duela gutxi jakin dugu, gure ikerketa esperimentalaren funtsezko azpiegitura den Alotzako itxitura apurtuta agertu dela. Hainbat mahai-inguru, jardunaldi eta hitzalditan ikusi gaituzue gure ikerketaren emaitzak aurkezten, eta sinestuta ginen Mankomunitatea eta bertako erabiltzaileak ohartuta zeudela gure ikerketa esperimental honen garrantziaz. Baina aipaturiko gertaera tamalgarri horrek bultzaturik, beharrezkoa iruditu zaigu itxiturek duten garrantziaz argibideak ematea.
Dakizuenez, Alotzako itxitura hori, beste hiru itxiturekin batera, 2005.eko ekainean eraiki ziren helburu nagusi batekin: larratzerik gabeko guneak sortu, denbora luzez jarraipena eta neurketak egin, eta aldi berean larratze-guneetan egindako neurketekin konparatzea. Urte guzti hauetan ikerketa esperimental hau mantentzea lortu dugu diru- iturri publikoetatik lortutako baliabide ekonomikoei esker, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, EHUko Unesco Katedra, eta Espainiako Ekonomia eta Konpetitibitate Ministeritza, besteak beste. Beraz, gure datuak publikoak dira eta nahi edo behar dituen edonork erabil ditzake, eta hain zuzen ere horrek ematen dio zentzua gure lanari.
Lehenik eta behin, azpimarratzekoa da diseinu esperimental honi esker lortu dugula kuantifikatzea eta demostratzea Enirio-Aralar Mankomunitateko larratze-sistemak onura nabarmenak eragiten dizkiola mendiko larreen funtzionamentu ekologikoari eta larreen kalitate nutritiboari (emaitzak hobeak baitira larratze-gunean itxitura barruan baino), eta gainera, zenbat eta denbora gehiago pasa, onura horiek gero eta nabarmenagoak direla. Hortaz, argi utzi nahi dugu itxitura horiek ezinbesteko tresna direla bertako artzantza/abeltzantza sistema defendatzeko, eta maila nazional zein internazionaleko ikerlari ugarik jakinarazi digute altxor esperimental garrantzitsua dugula, oso leku gutxitan lortu baita epe luzera horrelako itxiturak mantentzea.
Bestetik, gure ikerketa hau ezinbesteko oinarria eta abiapuntu ezin hobea izan da beste disziplinetako ikerlariak ezagutzeko eta elkarlana sustatuz aurrera egiteko, bai EHUko beste ikerketa-taldeekin, bai NEIKER-Teknaliako ikerlariekin ere. Horri esker, gaur egun gure ikerketa ez da itxituren diseinu esperimentalera mugatzen, askoz ere zabalagoa eta transdisziplinarra da, eta mendiko artzantza/abeltzantzaren iraunkortasuna modu integralean ikuspuntu anitzetatik aztertzeko gaitasuna dugu, sostenibilitate-
azterketek duten konplexutasun guztiari ahalik eta hoberen aurre eginez. Ez da inondik ere bide erreza hautatu duguna, baina kontutan izanik gainera Euskal Herriko mendigune gehienak Natura 2000 Sarean daudela eta Interes Bereziko Eremuak direla, inoiz baino beharrezkoagoak dira gurea bezelako ikerketak.
Azkenik esan, ikertzaile modura, gure eginbeharra dela diseinu esperimental egokien bidez eta metodologia zientifikoak bermatzen duen objektibotasunez eta zorroztasunez, datu-bilketak egin, estatistikoki aztertu, interpretatu eta ondorioak partekatzea. Gure lana ez da erabakiak hartzea, baizik erabaki ahalik eta egokienak hartzen laguntzea eta horretarako tresna metodologikoak garatzea.
Guzti honengatik, Mankomunitateari laguntza eskatu nahi genioke, lehenik, Alotzako itxitura ahalik eta azkarren konpontzeko, eta bestetik, gure itxitura esperimentalak errespetatuko direla bermatzeko. Beharrezkoa balitz azalpen gehigarriak ematea, edo gure lanen emaitzak aurkeztea, gu prest gaude entzun nahi dituenari kontatzeko, dela talde mailan, dela maila indibidualean.
Zuen erantzunaren zai geratuko gara. Aldez aurretik zuen arreta eskertuz, jaso ezazue agur bero bat.