"Lau pareten artean geratu beharrean, kalera ateratzen gara"

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 22a, 11:59

Eskualdeko zortzi herritan, 18:00etan abiatuta, kalejiran aterako dira Loatzo musika eskolako ikasleak; ibilbidean zehar geldialdiak egingo dituzte kontzertuak eskaintzeko.

Musikarien festa eguna da gaur, Xexili eguna. Eskualdeko zortzi herri musikaz alaitzeko asmoa dutela azaldu du Ainhoa Elizondo Loatzo musika eskolako zuzendariak. Adunan, Anoetan, Alegian, Ibarran, Altzon, Villabonan, Zizurkilen eta Iruran kalejiran ibiliko dira, 18:00etan hasita, musika eskolako ikasleak.

Prest al duzue guztia gaurko?

Azken entsegu eta azken prestaketak egin ditugu eta guztia bideratuta dugu. Gogoz gaude kalera ateratzeko.

Berezia da zuentzat egun hau?

Bai, berezia da. Gure ikasleei hori transmititzen saiatzen gara. Kalera ateratzeko, musika jotzeko eta ondo pasatzeko eguna da.

Musika eskolan ikasitakoa kalean erakusteko baliatzen duzue?

Bai, horixe da helburua. Azken batean, lau pareten artean gelditu beharrean, kalera ateratzen gara eta herritarrei eskaintzen diegu ikasten ari garena. Haurrak, gazteak zein helduak, elkarrekin festa giroa ospatzen dugu.

Festa izango da nagusi, beraz, zortzi herri horietan?

Bai, 18:00etan elkartuko gara zortzi herrietan. Kalejirak egingo ditugu, eta herriko txoko ezberdinetan kontzertu txikiak emango ditugu.

Kontzertu txiki horiek kalejiraren ostean izango dira?

Kalejira bakoitzak ibilbide bat izango du, eta ibilbide horretan geldialdi batzuk egingo ditugu txoko batzuetan. Hor eskainiko dira kontzertu txiki horiek.

Zenbat lagun elkartzen zarete herri bakoitzean?

Momentu honetan 535 ikasle ditugu zortzi herrietan, eta saiatzen gara egun horretan ikasle guztiek parte hartu dezaten, lau urtetik hasi eta ikasle helduetaraino.

Instrumentuen aldetik, zeintzuk aterako dituzue kalera?

Aurten, horixe izan da aldaketa. Kalejiran, besteak beste, haizezko instrumentuek, perkusioek eta eskusoinuek hartuko dute parte, eta bestalde, hainbeste entzuten ez diren tresnek edo kalejirarako hain egokiak ez direnek txokoetako kontzertu horiek eskainiko dituzte, adibidez, pianoak, biolontxeloak, biolinak eta gitarrak. Denei lekutxo bat egitea zen asmoa, bakoitzak izatea bere momentua ondo entzuteko eta disfrutatzeko.

Prestatu duzue abesti berezirik aurtengorako?

Aurten,Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Minutu bat goizero abestia prestatu dugu, eta era beran, elkartasun keinua adieraziko diegu pairatzen ari diren zentsuragatik. Hori izango da kanta nagusia, eta gainerakoan kanta herrikoiak izango dira, denetik.

Gogoz ikusten dituzu ikasleak?

Bai, gogotsu daude. Kalejiren ostean, gainera, txokolate beroa izaten dugu hotzari aurre egiteko, eta egun polita izaten da, bai.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!