Analisia

Etxeko lanak udalari

Garikoitz Goikoetxea 2019ko azaroaren 21a

Dekretu bat onartu du aste honetan Eusko Jaurlaritzak: Udal Legeak euskarari buruz emandako arauak garatzeko dekretua. Hizkuntza politikako eskumen batzuk jaso dituzte udalek, eta dekretuan zehaztu diete horiek nola erabili behar dituzten. Berritasun inportanteak dira, aukera berriak irekitzen dituztenak. Baita Tolosaldeko udalentzat ere. Hemen ere bai baitadaude etxeko lanak.

Aktibo izateko eskatzen die dekretuak udalei: euskararen aldeko «ekintza argiak» egitea, hitzetatik haragokoak, eta euskara lehenesteko neurriak hartzea. «Gero eta gehiago» egitea euskaraz. Horrek esan nahi du euskara planak egin behar direla, hizkuntza irizpideak jarri udal jardunean eta kontratu publikoetan, eta langileen ezagutzari zuku osoa atera behar zaiola. Finean, euskarak zeharkako gaia izan behar duela udalean: sail guztiak blaitu behar dituela.

Bada Tolosaldeko herriei bereziki eragiten dien berritasun bat: inpaktu linguistikoaren ebaluazioa. Hirigintza proiektu bat egin aurretik ingurumen azterketa egiten duten bezala, antzera egin beharko dute euskararekin: proiektu bakoitzak zer inpaktu linguistiko lukeen aztertu, neurriak hartzeko. Inon izatekotan, Tolosaldean da nabarmena hirigintzak —beste faktore batzuekin batera— nolako eragina izan duen arnasguneak erdalduntzen: etxe sail handiak egin diren garai berean jaitsi dira euskararen ezagutza eta erabilera Tolosaldeko herri txikietan.

Dekretuko neurriak martxan jartzeko zeregina dute orain udalek. Hori nola egin, argi dio testuak berak: «eragile eta kolektibo inplikatuekin hitzartuta» hartu behar dira erabakiak, «parte hartzearen, sinplifikazioaren eta efikaziaren printzipioak» kontuan izanda.

Horra, beraz, hiru ardatz: udalak aktibatzea, arnasguneak babestea eta elkarlana hauspotzea. Ildo horiek jorratzeko oinarri sendoa taxutzen ari da eskualdean: Tolosaldeko Euskara Mahaia. Orain arte ikusi gabeko lankidetza eredua lortu nahi du: erakundeak eta eragile sozialak parez pare esertzea, gogoetak eta erabakiak konpartitzea, adostasunak eta desadostasunak jostea, baliabideak eta tresnak sinergia bihurtzea. Horretarako garaia baita: premiari arduraz erantzuteko garaia, irabazi behar denari ilusioz heltzeko garaia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!