Bidania-Goiatz, herritarrak mugimenduan jartzeko prest

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 21a, 16:30
Alegian Txintxarriak Martxan ekimena egiten dute

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak herritarren artean ohitura osasuntsuak bultzatu nahi ditu, eta Tipi-Tapa Bidania-Goiatz programa martxan jarriko du, hilaren 29an.

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak herritarrak mugimenduan jarri nahi ditu, bizi ohitura osasuntsuak sustatzeko programa berria martxan jarriz. Eskualdeko beste zenbait herritan egiten den moduan, Tipi-Tapa Bidania Goiatz ekimena jarriko dute martxan, azaroaren 29tik aurrera, Goazen kalera lelopean.

Saiaz Mankomunitateak, eragile ezberdinekin batera jarriko du martxan. Gazte, heldu zein adinekoei zuzendutako programa da, eta proiektua aurrera ateratzeko herriko boluntarioen laguntza izango dute. Helburuen artean, belaunaldien arteko harremanak landu nahi dituzte, eta eskolak ere parte hartuko du. Ibilbideak kalean egingo dituzte, baina barruan goxo egoteko ere baliatuko dute; ariketa fisikoa, hitzaldiak, jokoak edota musikaren laguntza baliatuko dute horretarako.

Lehen bi saioak noiz izango diren zehaztu dute. Lehena, hilaren 29an, ostiralean izango da, eta 10:30ean elkartuko dira guztiak Bidaniko frontoian. 10:30etik 12:30era egingo dute saioa, eta ondoren, parte hartzen duten guztiek hamaiketakoa egingo dute Kontzeju tabernan. Bigarren hitzordua, abenduaren 20rako deitu dute.

Parte hartu nahi dutenek izena emateko Saiaz mankomunitateko 943 68 11 28 telefono zenbakira deitu beharko dute. Eta era berean, boluntario lana egin nahi dutenek ere izena emateko aukera dute. Horretarako ere Saiaz mankomunitateko telefono zenbakira deitu behar da.

INDARKERIA MATXISTAREN KONTRAKO EGUNAREN HARIRA

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egitaraua prestatu du lau herriei begira. Bihar, 18:00etatik 19:00etara, Fabricando mujeres ¿violencias machistas en el consumo? dokumentala eskainiko dute, Beizamako natur eskolako bigarren solairuan. Eta Bidaniko Txinkorta eskolan, hezkidetza eguna izango dute.

Larunbatean, 16:00etan, Bidaniko frontoi aurrean oinetako moreak zintzilikatuko dituzte erail dituzten emakumeen oroimenean. Etxetik erabiltzen ez diren oinetakoak eramateko eskatu dute. Eta 18:30ean, Errezilen, Nagore Laffageren dokumentala ikusiko dute Borondegin, eta jarraian mahai ingurua izango da. 21:00etan, afaria egingo dute, eta gaur da Borondegin izena emateko azken eguna.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!