"Ehizak ez ditu animalien interesak errespetatzen, eta horren aurka gaude"

Miriam Garcia Etxeberria 2019ko aza. 20a, 19:59

Antiespezismoari ikusgarritasuna eman nahio diote, beste kolektibo batzuekin lan eginez eta herrian kontzientzia sortuz.

Sortu berri den Inurri Antiespezista taldeko kide dira Gerezi Jauregi eta Aitor Yañez. Udan hasi ziren elkartzen, eta asteotan eman dute taldea ezagutzera, ehizaren aurkako kanpaina batekin. Espezismoak gizakia beste animalien gainetik jartzen du, animalia ez gizakiak zapaltzen ditu, eta horren aurka daude Inurriko kideak. Borroka politiko bezala ulertzen dute antiespezismoa, eta horrela zabaldu nahi dute eskualdean.

Duela gutxi sortu da Inurri Antiespezista taldea, noiz eta nola izan da?

Lehen Kimera antiespezista taldea zegoen Tolosaldean, baina desagertu egin zen. Lagun artean hitz egiten, pentsatu genuen ondo egongo litzakeela berriz ere talde bat sortzea eta mugimendu bat hastea eskualdean. Udaran egin genuen lehen bilera. Talde txikia gara oraindik, baina pixkana sarea sortzen ari gara.

Kimeran aritutakoak al zarete?

Aitor egon zen Kimeran. Hasieran Tolosaldea Antiespezista izena zuen taldeak, gero Kimera izatera pasa zen. Asko ginen hasieran, hogei pertsona inguru. Baina jaisten joan zen eta azkenean aktibo egoteari utzi zion.

Nondik dator Inurri?

Ez genuen nahi Tolosaldea Antiespezista edo horrelako izen generikorik. Deitura propio bat nahi genuen, identitate propioa emango ziguna. Izen mordoa izan genituen esku artean, eta horien artean zegoen Inurri. Oso langileak eta xumeak dira, eta beti talde handitan mugitzen dira.

Kimerak utzitako hutsunea betetzeko sortu al da Inurri?

Hutsunea beti egon da antiespezismoaren inguruan, bai Tolosaldean, baita Euskal Herri mailan ere. Guk antiespezismoari bisibilitatea eman nahi diogu, beste kolektibo batzuekin lan eginez batetik, eta herrian kontzientzia sortuz bestetik. Kimera desagertu zenean bat-batean nabaritu zen ez zegoela mugimendurik Tolosaldean.

Antiespezismoaren behar handia nabaritzen al duzue Tolosaldean?

Tolosaldeak tradizioari eusten dio, eta azkenean beti eman dira ekintza espezistak: azokak egiten dira animaliekin, ehiza oso normalizatuta dago, bisiguaren eta haragiaren festak ospatzen dira, arrantza txapelketak... Alde Zaharretik pasatzen zarenean harategi eta arrandegi ugari ikusten dituzu irekita. Tolosa nolakoa den irudikatzen du horrek guztiak.

Beganismoa modan dagoela ere esan daiteke, ordea.

Beganismoarekin gertatzen dena da kapitalismoak merkatu posible bat ikusi duela, eta produktu ugari sortu dira horren inguruan. Baina beganoak pertsonak gara, ez produktuak, eta merkantilizazio horrek borroka despolitizatzen du. Gu antiespezistak gara eta horren ondorioz gara beganoak. Produktuak ez dira inoiz beganoak izango, gehienez begetalak izango dira. Horregatik, guk antiespezismoa ez dugu ulertzen antikapitalista ez bada.

Ehiza garaia da orain. Horren inguruan zerbait egin al duzue?

Orain dela pare bat aste hasi ginen ehizaren aurkako kanpaina batekin. Xumea da, gure ahalmenen tamainakoa. Gizarteari ehizak eragiten duen kaltea eta animaliengan duen eragina adierazteko mezuak zabaltzen ari gara. Azken finean, ehizak ez ditu animalien interesak errespetatzen, eta gu horren aurka gaude.

Zein izango da zuen helburua eskualdean?

Hasieran bi estrategia ikusi genituen. Lehena, jende arrunta konbentzitzea beganismoari buruz: zuk pertsona bat konbentzitzen baduzu, bi izango zarete, eta bakoitzak beste bana konbentzitzen baduzue, lau. Horrela hazten dira mugimenduak eta ideiak. Baina ikusi genuen ideia hori ez zela oso erreala, oso zaila baita jendea konbentzitzea. Bigarren estrategia antiespezismoa borroka politiko bezala ikustaraztea da, eta beste herri mugimenduekin lan egitea. Horrela, gizartean presioa eragin eta indarrarekin gatozela adierazi nahi dugu.

Antiespezismoa borroka politikoa al da zuentzat?

Bai. Animaliekiko gure ikuspuntua aldatzea da kontua, nola harremantzen garen haiekin. Ikuspuntu berri bat sortu behar da, eta antiespezismora aldaketa hori ez da egun batetik bestera gertatuko. Beste kolektibo batzuekin lan eginez eta herritik sortuko den mugimendu bat izango da, eta horregatik esaten dugu borroka politikoa dela.

Ba al duzue harremanik beste mugimendu eta kolektiboekin?

Sortu berriak garenez, beste kolektiboekin harremana lantzen saiatzen ari gara. Ezpalarekin lan egiten dugu, adibidez, ulertzen dugulako leku okupatu bat ez dela delitua. Tolosaldeko neska taldearekin ere planteatu izan dugu zerbait egitea, feminismoa eta antiespezismoa lotuz. Antiespezismoa eta klase borroka ere lotu nahi ditugu. Era indibidualean haiekin harremana badugu ere, kolektibo bezala oraindik ez dugu ezer zehatza egin, baina baditugu hainbat ekintza buruan.

Elkarlana eta elkartasuna garrantzitsua al da kolektibo zapalduen artean?

Borroka guztiak transbertsalak izan behar dutela uste dugu. Adibidez, antiespezismoak ez du ulertzen bere borroka feminismorik gabe, eta feminismoan ere berdina gertatu beharko litzateke. Azkenean, denok gaude zapalduta, bai animalia ez gizakiak eta baita animalia gizakiok ere.

Kosta egiten al da antiespezismoaren zeharkakotasun hori ulertzea?

Normala da kosta egitea. Azken finean, txikitatik bizi izan gara espezista den gizarte batean, eta izango ditugun balore eta pentsamendu guztiak espezistak dira. Horregatik, kolektibo desberdinak maila berean parekatzea oso zaila da hasiera batean. Hori izan daiteke gure helburuetako bat.

Nola lortu helburu hori?

Denbora luze baten ondorioz lortzen da hori, baina ez da gure lana bakarrik. Espero dugu hemendik aurrera beste talde antiespezista berriak sortzea eta mugimendu indartsu bat martxan jartzea Euskal Herrian. Badago mugimendu bat dagoeneko, baina indartsuago egon behar du, eta azkenean mugimendu politikoek gizartea bultzatuko dute antiespezismorantz.

Azaroaren 1ean Euskal Herriko mugimendu horren indarra erakutsi zenuten Bilbon. Ehunka bildu zineten manifestazio antiespezistan.

Azaroaren 1a antiespezismoaren eguna da eta Euskal Herriko mugimendu antiespezista guztiak batzen eta koordinatzen dituen Nor kolektiboak manifestazio deialdia bota zuen. Han izan ginen gu ere. Bigarren urtea da egiten dela, pasa den urtean izan zen lehen aldia. Pentsamendu berdintsua dugun jendea elkartzen gara eta manifestazioaz aparte beste ekintza batzuk egiten dira, eta jardunaldi antiespezista egiten dugu. Oso esperientzia polita izat en da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!