Euskararen Eguna 2019

'Hitzolariak' 28 herrietan nahi dituzte

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 19a, 20:00

Abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Eguneko ekintza bateratua proposatu du hirugarrenez Galtzaundi Euskara Taldeak. Hitzekin jolas egiteko sortu dute 'Hitzolariak'.

Duela bi urte Euskarak 365 egun! mosaikoa egin zuten; iaz, Euskaraldiaren azken egunean, ariketaren inguruko hausnarketa egin zuten herriz herri. Aurten, bide beretik jarraitu  nahi du Galtzaundi Euskara Taldeak, hau da, Euskararen Nazioarteko Egunerako ekintza bateratua proposatu dute. 

Tolosaldeko 28 herrietara zabaldu dute proposamena Villabonatik, herritarrak eta hizkuntza ardatz hartuta. Hitzolariak izena du ekintzak: "Euskarak ematen dituen aukerekin eta zirrikituekin jolasteko ariketa da proposatutakoa".

Zer egiten du 'hitzolari' batek?

Jendeak aurretik ezagutzen dituen hitzak, esanahi berria hartu dutenak edota hitz berriak proposatu. Besteak beste, ondorengo adibideak jarri dituzte Galtzaundiko kideek ideia argiago bat egiteko: 

  • Gure herrian edo sektore jakin batzuetan erabiltzen diren hitzak zabaldu eta azaltzea.
  • Lehendik ere bazeuden hitzak baina orain esanahi berria izan dezaketenak plazaratzea.
  • Hitzen esanahiarekin edo sonoritatearekin jolastuz, hitz berriak sortzea.

Bi plaza irudikatuko dira ekintza aurrera eramateko

  1. Plaza digitala. Aurretik ere ezaguna da hainbat sare sozialetan #hitzokei traola. Bada, Euskararen Eguna baino lehen eskualdeko ariketarako #hitzolariak traola zabalduko da, ariketaren jolasa eskualde mailan zabaltzeko.
  2. Herriko plazak. Ideia, euskararen egunean bertan herriko plaza edo gune esanguratsu batean herritarrak biltzea da. Egunean bertan ez bada, aurreko edo ondorengo egunen bueltan ere egingo dute hainbat herritan. "Herriko gune ikusgarri bat hariz josiko da, eta ordu jakin batean herritarrak bilduko dira bakoitzarentzat esanguratsuak diren edo izan daitezkeen euskarazko hitzak ekarriz edo sortuz". 

Bertan ahalik eta hitz gehien jasotzea da asmoa, Galtzaundiko kideek azaldu dutenez: "Herritarrek orrialdeetan idatzitako hitzekin Tolosaldeko Hitzolarien hiztegi digitala sortzeko".

Eskualdeko herritarrek sortutako hitzak bildu nahi dituzte horrela, baina ez hori bakarrik: "Euskara hizkuntza bizia dela ikusaraziko dugu, eta moldagarria eta dibertigarria ere badela argi utziko dugu. Horretarako gure sormena oso baliagarria izango da, hitz berriak sortu eta giro horretan, hizkuntzarekin ondo pasatzeko". 

Tolosaldeko ahalik eta herri gehienetan egin nahi dute plazako ariketa, baina aurretik jolasean hasi eta interneteko komunitatean parte hartu nahi duenak ere aukera izango du, lehen aipatu bezala, #hitzolariak traolaren bidez. 

Eskualdeko herritarren babesa

Gaur arratsaldean aurkeztu dute ekimena Villabonan Imanol Artola Felix eta Uxoa Elustondo Galtzaundiko kideek. Tolosaldeko herrietako herritarrak zituzten atzean, euren babesa azaltzeko. Horien izenean Beatriz Unzue Amasa Villabonako alkateak hitz egin du, hain justu, Galtzaundiren proposamenarekin bat egiten dutela adierazteko.

Udal ordezkari bezala, udal taldearen asmoa herriko euskara lan-mahai zabala eta irekia eratzea izan dela gogoratu du: "Euskalgintza eta herriko eragileen inplikazioa bermatzea ezinbestekoa iruditu zaigu. Mahai horren egitekoa izango da Amasa-Villabonan euskararen normalizaziorako dauden arazoak detektatu, hauek konpontzeko planak diseinatu, ekintzak martxan jarri eta emaitzen jarraipena egitea; herriko eragileen laguntza ezinbestekoa iruditzen zaigu herriko hizkuntza politika aurrera eramateko".

Euskararen mahaiak dagoeneko bi bilera egin ditu Amasa-Villabonan, eta horietako bat, hain justu, Euskararen Eguna prestatzeko izan da. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!