Sukalde txoko bateko uneak

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 13a, 19:57

Igande honetan ospatuko da, zortzigarrenez, Bizilagunak egitasmoa; Begoña Olamusuk iaz hartu zuen parte bere familiarekin, lehen aldiz, eta esperientzia «benetan aberasgarria» izan zela dio.

Inoiz inon ikusi gabeko pertsona bat edo batzuk, zure etxean sartzea, edo zu beraienera joatea. «Etxea zurea izaten da, zure txokoa izaten da, baina, askotan, ezezagun bat zure etxean sartu eta metro bat egiterako jabetzen gara gai garela edonorekin harreman bat izateko». Hala dio Begoña Olamusu berrobitarrak. Iaz, Bizilagunak egitasmoan hartu zuen parte estreinakoz, eta esperientzia «ederra» izan zela du gogoan.

Bizilagunak egitasmoa SOS Arrazakeria elkarteak 2012an jarri zuen martxan, lehen aldiz. Mahai baten bueltan, jatorri ezberdinetako norbanakoak batu eta elkar hobeto ezagutzeko zubiak eraikitzea du helburu. «Gure herrietako aniztasun kulturala goraipatzea da nahia, aurreiritziak eta estereotipoak deseginez», dio Ana Telleria Tolosaldea Garatzeneko migrazio teknikariak.

Iaz, Gipuzkoan, 127 bazkari egin ziren, eta Tolosaldeko 10 etxetan, egun eta momentu berean, hamaika esperientzia partekatu ziren. Osotara, beraz, eskualdeko 20 familiek hartu zuten parte.

Familia esatean, izan daiteke norbanako bat, bi ezagun, lehengusu, ahaide edo baita lagun talde bat ere. Olamusuren kasuan, senarrarekin eta alabarekin batera hartu zuen parte.

Izena ematerako orduan, aukeran izaten da zure etxean beste familia jasotzeko edo zu beste norbaitenera joateko. Olamusuk bere Berrobiko etxeko ateak ireki zizkien Sokoura eta Ibrahimi. Boli Kostatik Tolosara bizitzera etorritako bikotea hartu zuen etxean.

«Askotan, horrelakoetan, zerbait berezia bilatzen duzu, zerbait lekuz kanpokoa, bitxia dena, baina ez da horrela», dio berrobitarrak. «Finean, zu bezalako pertsona batzuekin elkartzen zara, kito, ez du besterik; kolore ezberdina eta bizipen desberdinak ditugula, besterik ez da izaten».

Aurrez ezagutzen ez diren bi pertsona mahai baten bueltan esertzen dira, eta bakoitzak bere ohitura, egoera, ibilbide eta esperientziak kontatzen dizkio besteari, eta alderantziz, gero. «Besteak beste, Boli Kostatik Tolosara nola iritsi zen kontatu zigun, eta gainerakoan, bazkari batean izaten diren elkarrizketa normalak izan genituen», azaldu du Olamusuk. Elkarrekin pasa zituzten orduak «isildu ere egin gabe» igaro zituztela du gogoan. «Zure etxea besteei irekitzea eta giro hori zure sukaldean ikustea izugarri gustatu zitzaidan», dio pozez.

Izan koloreagatik, izan bizimoduagatik edota itxuragatik, jendeak dituen aurreiritziekin amaitzeko modu eraginkorra dela uste du egitasmoan parte hartzea Olamusuk: «Esaten duzu: 'nola da posible horrelako zentzugabekeriak pentsatzea jendeak?', tira, bada horrelakoak gara».

Berriro ere errepikatzeko moduko esperientzia dela uste du berrobitarrak. Aukera hori izatea «oso aberasgarria» izan zela dio, «ikusi genuen denok berdinak garela».

BERTAKO MENUA

Otordu horietan dinamizatzaile bat egoten da, eta bere lana bi familien arteko zubi lanak egitea izaten da. Elkartu aurretik, ordea, bi familiekin jarri ohi da harremanetan, eta horrela jakin zuen Olamusuk bere etxera zetozenak musulmanak zirenez ez zutela txerrikirik jaten.

Behin hori jakinda, menua pentsatzeari ekin zion. Bertako produktuak erakutsi nahi horrek, «amaren baratzako» babarrunak prestatzera eraman zuen berrobitarra. Ez zuen hor amaitu menua: berenjena krema, piper berdeak ozpinetan, txanpiñoiekin egindako hostopila eta oilasko errea prestatu zituen patatekin. Postrerako, bi tarta egin zituen, bata sagarrarena, eta bestea gaztarena, «alabak egina». Batzuetan, gonbidatua den familiak detaileren bat eramaten du besteen etxera, beraien jan ohiturak eta kultura ere ezagutzera eramateko, eta Boli Kostako bikotea ez zen esku hutsik joan Berrobira: «Beraiek ere postre bat ekarri zuten, esneki bat, jogurt antzeko bat; infusio moduko bat ere ekarri zuten».

ZORTZIGARRENEZ

Aurten, zortzigarren urtez jarraian ospatuko da Bizilagunak egitasmoa, igande honetan. 14:00etarako bai parte hartzaileak bai dinamizatzaileak prest eta gosetuta egon beharko dute, otorduari hasiera emateko. Amaiera ordurik ez dute ezarri, beraz, nahi adina luzatzeko aukera izango da.

Astelehenean amaitu zen izena emateko epea, eta orain, apuntatu direnen artean bikoteak egiten ari dira antolatzaileak. Oraindik ez dituzte parte hartze datuak eman.

AMAIERA FESTA

Gipuzkoan zehar izango diren otordu horiek guztiak elkarbanatzeko, parte hartzaile guztiak bat egingo dute azaroaren 30ean, Hernaniko Orona Auditoriumean. Telleriak azaldu duenez, autobus bat antolatuko dute Tolosaldetik Hernanira joan ahal izateko, eta jai giroan murgilduko dira: «Ziurtagiriak banatuko zaizkie ekimenean parte hartu duten guztiei, bazkarietako argazkiak ikusteko tartea hartuko dugu, esperientziak elkarbanatuko ditugu eta oso ondo pasako dugu».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!