Bost asteko ibilbidearen ondoren, berriro ere abiapuntura bueltan da Tolosaldeko Asanblada Feministak eta Galtzaundi Euskara Taldeak elkarlanean antolatutako Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargune hitzaldi zikloa. Tolosa, Amasa-Villabona, Ibarra eta Amezketako hitzorduen ondoren, Tolosako Kultur Etxean egingo du saioa gaur, 18:30ean, zikloa itxiz.
Orain arte hitzaldiak izan dira zikloko hitzorduen formatuak eta azkenerako, protagonista desberdinen ikuspuntuak alderatu nahi dituen mahaingurua antolatu dute eskualdeko asanblada feministak eta euskara taldeak. Zehazki, Mugimendu Feministaren eta bertako hizkuntza praktiken inguruan hausnartzea du helburu gaurko hitzorduak. Horretarako, eskualdeko zein inguruko errealitatearen jakitun diren lau hizlari arituko dira Jone Amonarriz Zubeldia moderatzaileak mahai gainean jarritako egoeren aurrean beren ikuspegia eta esperientziak azaltzen.
Alde batetik, Tarana Karim giza-eskubideen aldeko ekintzaile eta Mugimendu Feministako kide azerbaijandarrak hartuko du parte. Beste herrialdeetatik datozenei euskarara eta euskal kulturara gerturatzeko asmoa duen Banaiz Bagara elkarteko kide Petra Elser itzultzailea ere bertan izango. Bestetik, hitzaldi zikloko lehenengo saioan parte hartu zuen Idurre Eskisabel Larrañaga kazetariak eta EHUko irakasleak ere parte hartuko du saioan eta azkenik, Azpeitiko Emakumeen Txokoko ordezkari bat ere izango da bertan, beren egunerokoan dituzten egoeren eta egitasmoen berri emateko. Emakume eta gizonen arteko parekidetasuna sustatzeko espazioa da Azpeitiko Emakumeen Txokoa eta 2011an jarri zen martxan.
Saioa eta hitzaldi zikloa borobiltzeko, Uxue Alberdi eta Oihana Iguaran bertsolarien eskutik sormen saioa egongo da. Euskaratik gaztelaniara aldibereko itzulpen zerbitzua egongo dela eta, antolatzaileek mahaingurura bertaratzeko deialdi berezia egin nahi diete euskara ulertzen ez dutenei.