Errigorako saskiak eskatzeko zabalik da aukera

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 7a, 15:29

Errigorako saskiak erosteko aukera zabalik da azaroaren 20a bitarte, eta eskualdean bada aukera eskaerak egiteko. Zizurkilen, Amasa-Villabonan, Tolosan eta Ibarran izango da horretarako aukera.

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoaldea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz.

2013an hasi ziren proiektuari forma ematen, auzolanean, eta bi kanpaina nagusi egiten dituzte urtero: bata udaberrikoa, eta udazkenekoa bestea, orain gutxi martxan jarri dutena. Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka izena jarri diote udazkeneko kanpainari eta azaroaren 20a bitarte saskiak eskatzeko aukera izango da.

Hiru saski ezberdin prestatu dituzte, Nafarroa hegoaldeko produktu ezberdinekin. Saski berdea, beltza eta zuria izango dira eta 50, 60 edota 70 euro balio dituzte. Saski horiek erosiz gero, bertako produktuez gozatzeaz gain, bere balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzara bideratzen dute.

Eskaerak

Eskaerak www.errigora.eus helbidean edo, bestela, honako leku hauetan egin daitezke: Amasa-Villabonako Iratzar tabernan, Basajaun liburu dendan eta Amasa kafetegian; Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegian, udal bulegoetan eta Iriarten; Tolosako Laskorain Ikastolan, Orixe Ikastetxean, udal liburutegian eta Galtzaundi Euskara Taldean, eta Ibarrako Uzturpe Ikastolan.

Zizurkilen, saskiak abenduaren 9an jaso ahal izango dira, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Plaza Etxeberrin. Ordainketak esku-dirutan egingo dira, eskaerak jasotzeko unean bertan. Eta Amasa-Villabonan, saskiak abenduaren 11n, 12an eta 13an banatuko dira Gaztetxean, 18:00etatik 20:00etara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!