Eskualdeko bost gaztagile saritu dituzte

Irati Saizar Artola 2019ko aza. 1a, 19:59

Amezketa, Asteasu, Berastegi, Orendain eta Tolosako bost gaztandegi saritu dituzte Munduko Gazta Lehiaketan; denera 3.804 gazta lehiatu dira eta sari guztietatik hamar domina iritsi dira eskualdera

Urriaren 19an eta 20an ospatu zen World Cheese Awards lehiaketa, munduko gazta txapelketa garrantzitsuena, hogeita hamabigarrenez. Aurten, Italiako Bergamo hiriak hartu du txapelketa eta, denera, 42 herrialdetako 3.804 gazta aritu dira lehian; tartean izan dira eskualdeko hainbat gaztandegi.

Aurtengo edizioko irabazlea River Blue izan da, Oregongo Rogue Cremaryk egina: behi esnearekin egindako gazta urdin bat, organikoa. Lehendabizikoz irabazi du Munduko Gazta Lehiaketa Ameriketako Estatu Batuetako gazta batek.

Irabazle nagusiaz gain, Tolosaldeko bost gaztandegi izan dira sarituak: Amezketako Larte, Asteasuko Goine, Berastegiko Gazpio, Orendaingo Zelaieta eta Tolosako Martin Txiki.

Larte

Larte gaztandegiko Arantxa Garaiburu berastegiarrak Amezketan ekoizten du gazta. 2008an hasi zen gazta ekoizten eta ordutik sari ugari lortutakoa da. Besteak beste, txapelketa horretako Super Gold edo urrezko sari gorena irabazi zuen 2010ean. Aurtengo edizioan bi domina eskuratu ditu, zilarrezkoa bata eta brontzezkoa bestea. Sariak «gustura» hartu ditu Garaiburuk: «Saria irabazteak ezagutzera eramaten gaitu eta hori ona da». Txapelketara lau gazta aurkeztu zituen: Idiazabal ketua eta naturala, gazta urdina eta gazta zapala deiturikoa.



Goine

Asteasuko Goine gaztandegiak ere maiz parte hartu du mundu mailako txapelketan. 11 urte daramatzate gaztagintzan buru-belarri lanean, eta aurtengo txapelketan domina bat eskuratu dute: brontzezkoa. Iaz, urrea eskuratutakoak dira heldutako ardi gaztagatik eta brontzea lortu zuten jatorrizko izendapenaren sailean.

 

Gazpio

Jose Inazio Ugartemendia berastegiarraren Gazpio gaztak lortu ditu eskualdeko domina gehien: urrezko bat, bi zilarrezko eta brontzezko bat. Bost gazta aurkeztu dituzte eta horietatik lauk lortu dute saria: «Oso pozik gaude, izan ere, gazta ekoizten lau urte daramatzagu oraindik, eta umiltasunez lanean jarraitzeko ilusioa eman digu», esan du Ugartemendiak. Urtean bi tona baino gutxiago ekoizten duen gazta onduan lortu dute urrezko domina; zilar bat, berriz, gazta onduan, eta beste zilarra Idiazabal kategorian; brontzezkoa jatorrizko izendapenaren sailean jaso dute.

 

Zelaieta

Orendaingo Zelaieta baserrikoek iaz ere lortu zituzten bi domina, eta aurten ere sari kopuru bera irabazi dute: bi brontzezko domina. Lau urte daramatzate sariketan parte hartzen, eta «nahiz eta zail samar ikusi, beti izaten dugu tokatzeko ilusioa». Neguan zehar egindako lanaren «saria edo emaitza» dela dio Maider Murua gaztagileak. Denera lau gazta aurkeztu dituzte aurtengo edizioan: bi mendiko, Aralarkoak, eta beste bi apirilean egindakoak. Oraindik, ordea, ez dakite zein gazta izan diren sarituak.

Era berean, pasa den asteburuan ospatu zuten Ardiki Eguna, Zaldibian, eta Aralarko Gazta Txapelketako lehen saria irabazi zuen Zelaietak. Sari horrekin ere, «pozik» agertu da Murua.

 

Martin Txiki

Tolosako Montezkue auzoko Martin Txikik brontzezko domina bat eskuratu du aurten. 2007. urteaz geroztik, urtero irabazi dute sariren bat lehiaketa honetan, urte batean izan ezik. «Beti da garrantzitsua sari bat irabaztea», dio Tere Olano gaztagileak. Azken urteetan bezala, aurten ere, hiru gazta aurkeztu dituzte: gazta gogor bat, erdi mailakoa, bestea, eta jatorrizko izendapenekoa, hirugarrena. Hogei urte daramatzate gaztagintzan, eta, egun, gazta guztiak eskuz egiten ditu Olanok: «Teknologiarik oraingoz ez dut sartu, gutxienetakoa izango naiz agian».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!