Aurten ere ihes egin dio txapelak Gipuzkoari bote luze txapelketan

Ataria 2019ko azaroaren 1a

Bizkaiak 7-3 irabazi dio Gipuzkoa 2 taldeari; eskualdeko hainbat pilotarik parte hartu dute bertan.

Aurten ere ezinezkoa izan da. Gipuzkoa 2 taldeak ezin izan du IV. Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketako finala irabazi, eta Bizkaiak jantzi du berriro txapela.

Bizkaitarrek hasieratik utzi zuten argi faborito zirela. Lehendabiziko jokoa estu hartu zuten bi taldeek, baina lau berdinketa egin eta gero azkenean jokoa Bizkaiarentzat izan zen. Eta hortik aurrera nagusitasunez jardun zuten bizkaitarrek, eta 5-0ko tartea ireki zuten.

Partidaren azken txanpan Gipuzkoa 2 taldeak bere maila erakutsi zuen, eta 5-2 jarri zen markagailuan. Baina araudiak ezarritako 75 minutuak beteta, bizkaitarren aldeko 7-3ko emaitzarekin bukatu zen finala.

Gipuzkoa 2 taldean eskualdeko hainbat pilotari izan dira: Asteasuko Jon Urbieta eta Gaizka Iruretagoiena, eta Larraulgo Andoni Urbieta, Ibai Urbieta, Iñaki Esnal, Julen Jauregi eta Adrian Bengoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!