Aralarko ganaduzaleak erasotuak sentitu dira

Tolosaldeko Ataria 2019ko aza. 1a, 11:59
Aralarko Baserritar Taldeak Ardiki Egunean egin zuen salaketa, oholtzara 20 bat ganaduzale eta artzain igota.

Aralarko Baserritar Elkarteak esan du legegintzaldia hasi zenetik ez duela mankomunitateko berririk jaso.

Aralarko Baserritar Elkarteak hainbat «eraso» jasan dituela salatu du. Aralarko ganaduzaleak ordezkatzen dituen taldeak dio Enirio-Aralar Mankomunitatea ez dela elkartearekin harremanetan jarri, nahiz eta bi hilabete eta erdi diren bilera eskaera bat bidali zutela. Mankomunitateak Aholku Batzordea sortu du eta lehen bilera urriaren 9an egin zuten, baina «gure harridurarako gonbidapenik jaso gabeko aurkezpen baten berri izan genuen, bilera eskaeraren erantzunaren ordez», esan dute.

EH Bilduren jarrera ere salatu du baserritar taldeak: «EH Bilduk Aralarko larreen antolaketa plana aurkeztu zuen bertan, non lehenengo sektorearekin kontatu gabe eginiko plana den, gainera datu okerrak erabiliaz. Sektorearen alde dauden hauek, sektorea bera suntsitze bidean jarri dute». Txosten horrek ganaduzaleak gaizkiletzat hartzen dituela salatu dute. «Mendia kudeatzen duena sektorea bera izanik, egindako onurarik azaldu ez, eta delitugileak bagina bezala aurkeztu gaituzte plan horretan. Ondorioz, sektorea eta elkartea gogoeta sakon batera bultzatu dute». Horiek horrela, euren jarduera bermatuko duten «ekintzak» lantzen jarraituko dutela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!