Hilabeteko greba deialdia egin dute Gipuzkoako egoitzetan eta eguneko zentroetan

Ataria 2019ko urriaren 31

Gaur batzarra egin dute langile eta ordezkari sindikalek. Azaroaren 11tik abenduaren 11ra greba egitea erabaki dute. Tolosako eta Villabonako egoitzetan eragin zuzena izango du hilabeteko lanuzteak. Pertsona nagusien kalitatezko zaintza jokoan dela gogorarazi dute.

Iazko irailean hasi ziren mobilizazioekin Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetan. Guztira 118 greba egun egin dituzte. Oraingo 31 hauekin, 149ra iritsiko dira.

Langileek prozesu osoan zehar Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duen "arduragabekeria" azpimarratu nahi izan dute: "Zoritxarrez, beste prozesu luze eta gogor batzuetatik ikasi beharrean, Bizkaikoa halakoa izan zen, non 379 greba-egun batu ziren, badirudi hemen gauza bera gertatzea nahi dutela".

Hala pentsatzeko zantzu ugari dagoela berretsi dute langileek, zera gogora ekarriz: "ELAk Adegi eta Matia 2020 patronalekin lorturiko akordioa faltsutu zuen Diputazioak, akordioa ez finantzatzeko; gero, ez zen azaldu Eusko Jaurlaritzaren Lan Ordezkaritzak deituriko bilerara; eta gainera, Markel Olanok eta Maite Peñak harro adierazi dute negoziazio-mahaian aurrerapenak egingo direla, eta haiek ez direla patronala".

Negoziazio-mahaiak gehiagorako ez duela ematen azaldu dute zentroetan langileek, "eta denok dakigu akordioaren finantzaketa aldunditik etorri behar dela. Beraz, eztabaida dialektikoetan denbora gehiago ez galtzeko, eta gatazka konpontzeko lanean hastea eskatzen diegu".

Azaroaren 28rako deituta dagoen bilerara, ELA negoziatzeko borondate argiarekin joango dela berretsi dute, euren helburuak lortu arte borrokari eutsiko diotela argi utziz. Greba honetan, sektore honetako langileen lan-baldintzak hobetzeaz gain, zerbitzuaren kalitatea bera eta nagusientzako arreta hobetu nahi direla azpimarratu dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!