Atzotik galduta zegoen gizonezkoa aurkitu dute Elduain eta Berastegi artean

Ataria 2019ko urriaren 31

Argazkiak: @SuhiltzaileGIP

Suhiltzaileak, anbulantzia, ertzainak eta Nafarroatik iritsi den foru poliziaren helikoptero bat ere bertaratu dira, Elduaingo Bengoetxeko zubira. Zainketa Intentsiboko Unitatea eskatu dute artatua ospitalera eramateko.

Ataria-k jakin duenez, perretxiko bila irten zen gizonezko bat desagerturik zegoen atzotik. Elduainen aurkitu dute gaur, autoan. Ibilgailua errekatxo batean zegoen istripua izan eta amildegitik behera erori ondoren, ertzaintzaren arabera, Elduainen. Zainketa Intentsiboko Unitatea eskatu dute. Ertzainak, anbulantzia, helikopteroa eta suhiltzaileak bertaratu dira. Zauritua ospitalera eraman dute. 

Nafarroako Gobernuak zabaldu duen informazioa

Gaur goizean erreskatatu duten gizonezkoa, 75 urteko tolosarra da. Aizarotz (Basaburua) inguruan ari ziren bilaketa lanak egiten. 23:20ak inguruan hasi ziren asteazken gauean lan horiek, senitartekoek abisua pasa ondoren. Hauen arabera, Aizarotz ingurua joan zen desagertutako tolosarra perretxiko bila.

Arratsalde erdian senideei deitu zien gizonezkoak, mendian despistatu eta berandutu egingo zela jakinarazteko. Etxeratze ez zela ikusita, familiak SOS Nafarroara deitu zuen. Gau osoan zehar bilaketa lanetan aritu dira. Bizilagun batek, ordea, desagertua 19:30ak inguruan bere furgonetan ikusi zuela adierazi die gaur bilaketa taldeko kideei.

Informazio horri jarraituz, mendiko bilaketa amaitutzat eman dute. Bilaketa errepidean hasi dute, hau da, Tolosarako itzulerako bidean istripua hipotesi nagusitzat hartuta. Ertzaintza eta Tolosako suhiltzaileak gehitu dira lanketa horretan, eta 11:00etan aurkitu dute 75 urteko tolosarra, Elduainen. Kontziente zegoen gizonezkoa, eta ez zegoen harrapaturik. Telefono mugikorrean koberturarik ez zuela esan die bilaketa lanetan zebiltzanei. Erreskatatu ondoren, anbulantzian Asuncion Klinikara eraman dute, zauri ez larriekin. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!