Helburu bera, bi abiapuntu

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 31a, 07:57

Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak iritsi dira. Jokin Altuna laugarren aldiz jarraian sailkatu da eta Erik Jaka, berriz, lehen aldiz. Finalean elkarren aurka jokatu nahi dute.

Lehen mailako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketaren bi finalerdiak jokatuko dira asteburuan. Larunbatean Erik Jaka lizartzarraren txanda izango da. Joseba Ezkurdia izango du aurkari, Iruñeko Labrit pilotalekuan, 17:45ean hasiko den jaialdiaren bigarren partidan. Jokin Altuna amezketarrak igandean jokatuko du, eta aurrean Unai Laso izango du. Bilboko Bizkaia frontoian jokatuko dute, 17:00etan hasiko den jaialdiaren bigarren partidan.

Altuna III.arentzat laugarren finalerdia izango da jarraian, eta aurreko hiruetan finalerako sailkatu zen. «Niretzat garrantzi guztia du urtero hor borrokan ibiltzeak, finalerdian edo finalean, hor goran behintzat. Badakit hor goran ibiltzen banaiz, urte batzuetan ondo aterako zaidala beste batzuetan ez hain ondo, baina nire helburua hor ibiltzea da. Lortzen ari naiz, eta uste dut urtetik urtera pilotari hobeagoa naizela, hobeto aurkitzen dut nere burua, eta ea aurten ere finalean sartzeko aukera dudan».

Jakaren lehen helburua final-laurdenetako ligaxkan sartzea zen: «Behin ligaxkan egonik, asmoa zen partida onak egitea, eta ahal dela garaipena lortzea, eta zortez hirutik bi partida irabazi ditut». Lehen aldiz jokatuko du lehen mailako txapelketa bateko finalerdia: «Bigarren mailan txapela bat edo beste irabazi behar izan ditut lehen mailako txapelketetan sartzeko, eta lehen mailan jokatu ditudanetan ez dut zorte gehiegirik izan, lesioak tarteko. Nik uste dut oraingo honetan maila onean iritsi naizela, lan ona eginik aurretik. Ilusioz nago partida irabazi eta finala jokatzeko».

Ligaxkako hiru partidak irabazita sailkatu da Altuna finalerdirako. «Ligaxka ondo joan da. Uste baino errazago sailkatu nintzen, bigarren jardunaldirako sailkatuta nengoelako», esan du. «Ez zitzaidan inoiz gertatu, baina orain hori dena ahaztuta daukat, berriz ere zerotik hasten zait txapelketa. Igandean partida oso zaila dut, eta horretan nago kontzentratuta».

Jakak Peio Etxeberriaren aurka jokatutako partida ez zela ona izan azaldu du: «Txapelketako laugarren partida nuen eta aurreko hiruetan maila hobeagoa eman nuen. Txapelketa guztietan izaten da egun kaxkar bat, eta horrelakoetan irabazteak ere bere meritua du eta alde positibo horrekin geratuko naiz. Ez naiz disgustura egongo galdu izan banu bezala». Larunbatera begira «orain arte bezala jarraitzea» dela kontua dio: «Sentsazio onekin nago, partida onak txarrak baino gehiago egin ditut eta aste honetan aurrekoetan bezala egiten saiatuko naiz».

EZ DAGO AURKARI ERRAZIK

Binaka jokatu izan du Lasoren aurka Altunak, baina banaka oraindik ez. «Aurtengo udan eta Lau eta Erdiko Txapelketan salto handia eman du, maila ikaragarrian dago eta partida zaila dut aurretik». Laso finalerdietan izatea berarentzat ez dela ezustekoa esan du Altunak: «Ni ez nau sorpresaz harrapatu. Unaik dagoeneko denbora asko zeraman bere potentziala erakutsiz. Une garrantzitsuetan lehen ez zen hain erasokorra,eta udatik eta txapelketan ikusi dut bere buruan gehiago sinesten duela, oso zentratuta dagoela, eta hori izanez gero, berak dituen ezaugarriekin pilotari handi bat bihurtzen da eta edozeini irabazteko gai da». Txapelketaren aurkezpenean esandakoa ekarri du gogora: «Laso eta Erik ez zituzten faboritoen artean sartzen, baina nik esan nuen biak lasai asko gora iritsi zitezkeela, eta horrela gertatu da».

Larunbateko partidan ez duela ezer galtzeko esan du Jakak. «Txapelketa honetako helburuak aspaldi eta ondo beteta ditut. Hau sari bezala hartzen dut. Horrek ez du esan nahi erlaxatuta aterako naizenik; azkenean oso aukera polita da eta txapeldunaren aurka jokatzeak ilusio handia egiten dit. Horrelako partidak jokatzeko entrenatzen naiz hainbeste, eta, beraz, gogoz eta irabaztera aterako naiz».

Partidaren gakoa erritmoa norberak jartzea dela esan du Altunak: «Orain arte ikusi ditudan partida guztietan Laso bera jarri da agintzen, berak jarri du erritmoa. Partida guztietan irabazten hasi da, eta niretzako partida honetan oso garrantzitsua da ondo sartzea».

Bere aldetik, Jakak azaldu du partida bakoitzak erakusten duela zer egin eta nondik jokatu daitekeen. «Partida oso konplikatua da, Joseba pilotari osoa delako», esan du. «Erritmo handia jartzen du frontoian, asko defendatzen du, pilota zail asko eramaten ditu, eta asko sakatzen du. Txapelketa honetan ikusi da ere berari min egitea badagoela, abiadurarekin eta angeluak ondo bilatuz gero. Esperantza badut partida handia egiteko eta gauzak oso zailak jarri eta berari irabazteko».

Altuna eta Jaka lagunak dira eta finalean txapelaren lehian aritu daitezke. «Polita izango litzateke finala elkarren aurka jokatzea, baina orain ez dut hori buruan», dio Altunak. «Nire helburua finalean egotea da, eta Eriki onena opa diot. Nahiko irekia ikusten dut bere finalerdia». Jakak ere laguna finalera igaro dadin nahi du: «Ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, entrenamendu asko, eta guretzako oso berezia izango litzateke final batean elkarren aurka jokatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!