Babestutako edukia

Gai sozialak eta kultur ondarea lantzeko tartea, Polonian

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 30a, 07:50

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko bost ikaslek eta bi irakaslek astebete pasa dute Polonian, Erasmus+ KA229 proiektuaren barnean.

Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko bost ikasle eta bi irakasle Polonian izan dira, trukean, Erasmus+ KA229 The Guardians of Europeproiektuaren baitan. Irailaren 28tik urriaren 6ra egin dute egonaldia, Poloniako Cieszyn hirian.

Europako bost herrialdeetako ikastetxeen artean prestatutako proiektua da Erasmus+ KA229: Polonia, Italia, Portugal, Grezia eta Euskal Herriko ordezkariek hartu dute parte. Bakoitzak bere ikastetxeetan landu ditu egin beharrekoak, eta Italian eta Grezian izan ondoren, Polonian egin dute hirugarren trukea.

Proiektuaren lehen zatiko helburu nagusiak, «ikastetxeetan ematen diren arazo sozialei buruzko ezagutza areagotzea eta, Europako herrialde ezberdinetan, hauen aurrean erabiltzen diren irtenbideak zabaltzea dira», Juan Luis Nazabal irakasle eta Nazioartekotze arduradunak azaldu duenez.

Proiektua garatu ahal izateko, bost arazo nagusi aurreikusi dituzte herrialde guztien artean: berdintasuna, tolerantzia, ziberjazarpena, elikadura osasuntsua eta heziketa fisikoa.

Gai horiek kontuan hartuta, herrialde bakoitzak kanpaina sozialak eraiki behar izan ditu. Tolosaldeako ikasleek berdintasunaren gaia jorratu dute. «Horrelako kanpainek zer helburu dituzten, posterrak nola egiten diren eta argazki edota bideo egokiak nola egiten diren ikasi dugu, eta ondoren, kanpaina garatu eta zabaldu egin dugu sare sozial eta bestelako komunikabideetan», dio Nazabalek. Tolosaldeako ikasleen kasuan, emakumeak Lanbide Heziketako ziklo industrialetara erakartzeko kanpaina bat prestatu dute: «Estereotipoak puskatu eta emakumeak lanbide industrialetara bideratzea izan da asmoa, eta horren inguruko bideo bat egin dugu».

Behin herrialde bakoitzak bere kanpaina garatuta, elkarbanatu egin dituzte beste herrialdeen artean, hau da, Tolosaldearen kasuan, poloniarrek ziberjazarpenaren inguruan egin duten kanpaina hartu eta Euskal Herrian zabaldu dute.

POLONIAKO EGONALDIA

Iraila amaieran, Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuko bost ikaslek eta bi irakaslek Poloniarako bidea hartu zuten. Erdi mailako zikloak egiten ari diren bost ikasle joan baziren ere, guztira 20 ikasle eta 8 irakasle inguruk hartu dute proiektuan parte. Poloniara eginiko trukean, ordea, hiru espezialitateko ikasleak joan ziren: sare informatikoen kudeaketakoak, instalazio elektrikoetakoak eta mekanizaziokoak.

Poloniako Cieszyn hirian egin zuten egonaldia, eta besteak beste, aurrez garatutako kanpainen inguruan aritu ziren lanean, eta tartean, kanpaina sozialen jaialdia egin zuten: «Herrialde bakoitzak, bere kanpaina aurkeztu genuen besteen aurrean: nola burutu dugun, zer pauso eman ditugun eta nola zabaldu dugun azaldu genituen». Poloniarrek egindako kanpaina nola hartu eta zabaldu zuten ere azaldu behar izan zuten.

Horren ondoren, herrialde bakoitzak stand bat prestatu zuen, bakoitzaren herrialdeko produktuak erakutsiz, eta proiektuan zehar egindako eskuorriak jarriz.

Bestalde, hirian barrena desfile bat ere egin zuten. Herrialde bakoitzak bere produktuak eta materialak erakutsi zituen kilometro inguruko ibilbidean.

Beste egun batean, berriz, Cieszyn hiriko alkateak harrera egin zieten proiektuan parte hartzen ari diren ikasle zein irakasle guztiei: «Harrera egiteaz gain, hiriaren inguruko azalpenak eman zizkigun» azaldu du Nazabalek.

Aurkezpen horiez gain, bestelako jarduerak, tailerrak eta jolasak egin zituzten, inguruak ezagutzeko. Bisita kulturalak egiteko tartea ere hartu zuten: «Krakovia bisitatu genuen, eta bertako gaztelu, jauregi eta eraikuntzak ezagutu genituen; 1300 urte inguruko gatzaren meategi batera ere joan ginen». Auschwitz kontzentrazio esparrua ezagutzeko aukera ere izan zuten.

Bisita kultural horietan, proiektuaren bigarren zatiari ekin zioten. Europako kultur ondarea babestea izan da proiektuaren bigarren zatiko helburu nagusia. Nazabalek aipatu duenez, «horretarako ere prestakuntza bat jaso dute ikasleek: zer den ondarea, zer hartzen den kontuan, nola zaindu dezakegun eta nola kontzientziatu gaitezkeen horretarako».

Bisitetako bat baserri batera egin zuten. Gazta, mamia, gurina, ogia eta taloak nola egiten diren ikusteko aukera izan zuten: «Garai batetik honako bilakaera azaldu ziguten, eta ikasleek gurina eta gazta egiteko aukera izan zuten; baita dastatzekoa ere».

AURRERA BEGIRAKOAK

Datozen hilabeteetarako ere badute zeregina ikasle eta irakasleek: «Herrialde bakoitzak bere aldetik, ondare kulturalaren inguruko materiala sortu behar dugu: zer identifikatzen dugun ondare kultural bezala. Gure kasuan, euskal kultura izan daiteke, ohiturak edota hizkuntza bera», dio Nazabalek.

Arazo sozialekin egin zuten moduan, kultur ondarearekin ere kanpaina bat egitea da asmoa. Kasu honetan, ordea, herrialde guztien artean kanpaina bakarra prestatuko dute. «Bigarren kanpaina honetan, Europako kultur ondarea zein den ezagutu, bere garrantziaz jabetu eta zabaldu egin nahi dugu, kanpaina sozial baten bidez».

Proiektuak, bere osotasunean, bi urteko iraupena du, eta 2020ko ekainean amaituko da. Dagoeneko eginak dituzte hiru truke: lehena Siziliara (Italia), bigarrena Kretara (Grezia) eta azkena Cieszynera (Polonia). Datorren urtarrilean Tolosak jasoko du gainerako herrialdeen bisita. Eta bisita horretan zehaztuko dituzte kultur ondarearen inguruko kanpainaren nondik norakoak. Azken trukea maiatza inguruan egingo dute, Portugalen: «Azken bisita horrekin amaiera emango diogu proiektuari».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!