Kale Kantoitik

Aspaldiko laguna

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Mendiluze 2019ko urr. 28a, 11:28

Dena itzultzen omen da. Hara, kanpai-galtzak berriz ere modan; hara, barizela bigarren aldiz pasatzea tokatu behar; eta, hara, non topatu duzun aspaldikoz X.

Igual, supermerkatuan. Eskola-garaiko kidea da, berriz topatzeak ilusioa egiten dutenetakoa, inoiz lagun min izandakoa ere bai. Hogei urte elkar ikusi gabe, erraz esaten da.

Azken urteetako informazioa aletzen hasiko zarete jarraian. Informazio faktikotik hasiko zarete, non bizi izan zareten denbora honetan guztian, non egiten duzuen lan; izandako bikotekideak-eta zeharka aipatuko dituzue; seme-alabarik ba ote duzuen eta ea zenbateraino koskortuak; zer motatako lanbidea duzuen, nagusiki diru-iturri dena, edo nahikoa izerdituak ote zareten afizioa ofizio bihurtzeko;ea oraindik behi-esnea edaten duzuen edo erori ote zareten esne begetalen hatzaparretan. Finean axal-solasa, ez espero bezain axalekoa. Arian-arian bestearen bizi-estiloa zertan den ulertzeko adina informazioa bilduko duzue, esandakoetatik, eta batez ere, isilduetatik ondorioztatuak.

Gero, igual, egoerak hala eskatzen duelako, erabakiko duzue kafe baten bueltan jarraitzea hizketan, oroitzapenei heltzeko: eskolako maisu-maistra ipurterreez, txangoetako kantuez, kalean jostatzen emandako arratsaldeez… arituko zarete. Bizitza zein polita zen smartphone-ik gabeko garaietan, jolasean zebiltzan umeei amak leihotik hots egiten zien garaiak, zein politak! Eta estudiantegaraiak aitatuko dituzue, panazko arropak, pezetetan pagatutako Hertzainaken kaseteak non gelditu ote ziren; parranda egiten zenuten tabernak oraindik irekita ote dauden... Une tragikoren bat tartean, falta diren klasekideengatik doluminak. Politikaz txintik ez, zer gerta ere; omisioak berak erakusten du non gelditu ziren garaiko aldarriak.

Betiere, sepia koloreko hizketan jardungo zarete; mugimendurik gabeko gauzez, paretetako argazkiez bezala. Garai batean egia zirenez oraindik egia balira bezala arituko zarete, nahiz badakizuen, badakizuenez, orain fikzio direla. Narrazio horri leku inposibleetara tira egin nahian, etxeratzeko ordua iritsi da. Mua-mua asko poztu nau ikusteak, hurrengora arte X. Begiak dir-dir.

Kotxean, etxera bueltan zoazela ohartuko zara momentu batez bizi izandako ameskeriaz. Mugikorraren dardarizoa patrikan, olo-esne brikak dinbili-danbala maletategian; Spotify-k oihuka diotsu Premium jaitsi ezean matraka ematen jarraituko duela. Euria ari du. Konturatzen zara orain egia dena mugimenduan dagoela.

Eta nola aldatzen diren gauzak, kamarada

 

 

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!