Partida erabakigarriak Peña, Jaka eta Artolarentzat kaiolakoan

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 25a, 16:59
Erik Jaka, Altuna III.aren aurkako partidan, aurreko asteburuan.

Jon Ander Peñak promozio txapelketako finalaren bila joango da. Jakak eta Artolak finalerdietara pasa nahi dute.

Lehen mailako Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa hil edo biziko neurketetara iritsi da. Final-laurdenetako ligaxkaren hirugarren eta azken jardunaldia dago jokoan asteburu honetan. Eskualdeko pilotarien artean Jokin Altunak lortu du dagoeneko txartela, eta Iñaki Artola eta Erik Jaka asteburuan saiatuko dira hori bera lortzen.

Lehenengoa lehian sartzen Artola izango da. Ezkurdiaren aurka gaur du partida, 20:30ean, Balmasedan. Bai ala bai irabazi beharra du alegiarrak, eta Laso eta Bengoetxearen artekoan zer gertatzen den ere eragina izango du sailkapenerako. Artolak irabazi eta Ezkurdiak 14 tanto edo gutxiago egiten baditu, aurrera egingo du alegiarrak. Txapelketako helburuetako bat lortu du Artolak, azken jardunaldira finalerdietara pasatzeko aukerekin iristea. «Hori lortu dut, baina orain partida konplikatua dut Ezkurdiaren aurka», esan du. «Eskuetatik nahiko justu nabil. Aurreko partidetan ere ez naiz inoizko ondoen sentitu, baina saiatuko gara horri buelta ematen eta dena ematera aterako gara». Partida batean edozer gauza gertatu daitekeenez, «esperantzarekin» dagoela dio alegiarrak. Partida irabaztera aterako dela gaineratu du, eta ez duela pentsatuko Ezkurdia zenbat tantotan utzi behar duen. «Ahal dudan ondoen jokatu nahi dut. Nire jokoa egitera aterako naiz, eta hori lortzen badut, gero etorriko dira aurrera pasatzeko eta ez pasatzeko kontuak».

Bere aldetik, Erik Jakak igandean izango du partida Peio Etxeberriaren aurka, Tolosako Beotibar frontoian, 17:00etan. Jaialdiko bigarren partida izango da berea, eta irabazten duenak egingo du aurrera. «Kanporaketa moduan gelditu da partida», esan du lizartzarrak. «Oso garrantzitsua zen niretzat hirugarrengo jardunaldi honetara aukerekin iristea. Ez dut beste emaitzen zain egon behar eta pozik nago alde horretatik». Fisikoki «oso ondo» iritsi dela dio Jakak: «Txapelketa guztian lesioek errespetatu naute, eskuak ondo ditut eta nik uste dut txapelketa guztian egin ditudan partidak onak izan direla. Aurreko astean galtzea tokatu zitzaidan, baina kontuan izanik zeinen kontra galdu nuen eta partidan zehar emandako itxura, kontentu egoteko arrazoiak baditut eta konfiantzarekin iristen naiz igandeko partidara».

Beotibarko jaialdiko lehen partida jokatuko du Jon Ander Peña tolosarrak. Promozio mailako Lau eta Erdiko txapelketaren finalerdia izango da, Egiguren V.aren aurka. «Partida gogorra izango dela aurreikusten dut, eta piloteoan akats gutxienak egiten duenak partida eramango du», esan du tolosarrak. «Egiguren oso gaztea da, baina gauzak oso ondo egiten dituena, eta aurkari handiei irabazi diena». Hain justu, Egigurenek duen tenplea nabarmendu du Peñak: «Teknikoki eta taktikoki bere paperetik ateratzen ez den pilotaria da». Saketik hasita, abiadura ematen saiatuko dela esan du Peñak, eta gero, ahal duenean, tantoa amaitzen. Errestoan, Egigurenek ez dezala airez errematerik egiten saiatuko da tolosarra. Fisikoki ondo iristen dela gaineratu du: «Udan geldi egon naiz, baina sentsazio onekin jokatu dut orain arte txapelketa eta sentsazio onekin noa partidara».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!