Bertso eskolak "indartsu"

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 24a, 11:57

Gaztetxoak, gazteak eta helduak kontuan hartuta, 75 pertsona inguru ariko dira eskualdeko Harituzen bertso eskoletan.

Hainbeste bertso eskola dituen eskualde asko ez dira egongo». Harituz Tolosaldeko Bertsozale Elkarguneko koordinatzaile Haritz Mujikaren hitzak dira, ikasturte berriaren inguruan galdetuta. Izan ere, haur edo gaztetxoei zuzendutako 12 bertso eskola izango dira, gazteei zuzendutako bat eta helduentzat beste hiru.

Alegian, Anoetan, Ibarran, Lizartzan, Tolosan, Villabonan eta Zizurkilen daude bertso eskolak, besteak beste. Baina, koordinatzaileak azaldu duenez, eskualdeko beste herriren batean ere eskolak emateko aukera bada, taldeak sortzen badira. «Herri batzuetan nahiz eta ume batzuk interesa azaldu, ezin izan dugu taldea osatu, eta beste bertso eskola batzuetara bideratu ditugu. Hori bai, asko eskertzen diegu bai beraiei bai gurasoei mugitzeko ahalegina egitea». Hala ere, herri desberdineko ikasleak biltzea «interesgarria» da Mujikaren ustez, «haurrei lagun berriak egiteko aukera ematen dielako». Oraindik izena emateko aukera zabalik dagoela azaldu dute. harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzi daiteke, Harituzeko kideek eskaintzaren berri emango dute, eta ondoen datorkion lekuan hasteko aukera izango du interesatuak.

Haurren kasuan, 7 urtetik aurrerako taldea dago Alegian, eta gainerako herrietan 10-13 urteko taldeak dituzte. Horiez gain, 16 urte inguruko beste bi talde ere badira. Orotara, gaztetxoen mailako 12 talde daude.

Gazteen mailan, 16-18 urte bitarteko talde bat osatzekotan dabiltza, eta helduen mailan, azken urteetan bezala bertso eskola ibiltaria izango da eskualdean. Horrekin batera, Alegiako Intxurre elkartean bezala, beste hiru talde ere biltzen dira eskualdeko herriko elkarteetan. Gaztetxoen kasuan bezala, gazte eta helduek ere emailez egin ahalko dute bertso eskoletan parte hartu ahal izateko eskaria.

Datuei begira, 10 gazte, 15 heldu eta 50 gaztetxo inguru izango dira eskualdeko bertso eskoletan aurten, eta balioan jartzeko datua dela dio Haritz Mujikak. «Harituzek sortu duen mugimendua pixkana indartuz doala erakusten du horrek. Egoera onean dagoela bertsoa Tolosaldean, baina, zaindu eta mimatu egin behar dira eskolan dabiltzan ume eta gazteak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!