Gaur egun bi belaunaldi ari dira bertan lanean. 2005an ireki zituen ateak Apatta arozegiak, baina bizi guztia daramate egurrari lotuta. Egurrezko edozein elementu egiten dituzte, guztiak neurrira eta bezeroaren behar nahiz aurrekontura egokituta. Kanpoko arotz lanak (leihoak, ateak, egiturak...) nahiz barrukoak (lurrak, eskailerak, armairuak, sukaldeak...) egiten dituzte. Gaur egun, egurra ez diren materialeekin ere lan asko egiten da, egurretik eratorritakoekin nahiz Solid Surface materialekin, batez ere, sukaldeak eta bainugelak, ezaugarri ezin egokiagoak baititu toki hezetarako eta garbitzeko oso erraza baita.
Apattaren bereizgarriak dira neurrira egindako altzariak eta proiektuak. Sarri egurra produktu klasikoekin lotzen bada ere, hori apurtzen dute Apatta aroztegian. Izan ere, frisoetan kamuflatutako ateak edo lurretik sabairainoko ateak ere jartzen dituzte, lortu nahi den sentsazioaren arabera.
Bezeroen artean ere aniztasuna daukate. Arkitektoak nahiz dekoratzaileak joaten zaizkie, beraien produktuen bila, baina norbanakoek ere ematen diete beraien konfiantza. «Arkitektoek eta dekoratzaileek ideiak oso argi edukitzen dituzte normalean. Norbanakoek, aldiz, ideiak argi izan arren, aholku gehiago eskatzen digute, normala den bezala, ez baita beraien egunerokoa eta horretarako gaude gainera», azaldu dute. Denetariko bezeroak izanda, lan esparrua ere oso zabala da: «Etxebizitzetan ez ezik dendetan, tabernetan, ikastetxeetan zein leku publikoetan ere lan asko egiten dugu».
Behin ideiak argituta, produktuak aukeratzeko garaia izaten da. Material askorekin lan egiten dutenez, bezeroek ideiak hartzeko eta buruan daukaten hori gauzatzeko, beharrezkoa da Apatta industrialdean daukaten erakusketa ere. Horrela, bezeroek materialak ukitzeko eta ikusteko aukera daukate. Gainera, proiektua egingo den lekura ere joaten dira, aholkuak ematen dituzte eta ikusten dute bezeroak buruan daukan hori egin daitekeen ala ez. Horren arabera, neurriak hartzen dituzte eta aurrekontu bat prestatzen dute. Behin tailerreko lanak bukatuta, produktu guztiak prest dituztenean, muntatzeaz ere Apattako adituak arduratzen dira.
Ahal den neurrian, prozesu guztia teknologia berrietara egokitzen saiatu dira. «Tailerreko makineriaren aldetik, asko aldatu da. Gaur egun, kontrol mekanizatuak dauzkagu eta gero eta gehiago egiten dugu lan ordenagailu bidez». Hala ere, eskulan asko daukan ofizioa izaten jarraitzen du arotzarenak. Prozesu guztiari balioa ematen saiatzen dira, ez produktuari bakarrik. «Balioan jarri behar ditugu zerbitzuak, izan ere lekura joaten gara neurriak hartzera, aholkularitza eskaintzen dugu, materialen kalitatea bermatzen da, muntaketa lanak egiten ditugu eta nola ez arazoren bat dagoenean irtenbidea emateko hor izaten gara».
Gaur egun oraindik ere zuriaren eta egurraren arteko konbinazioa da nagusi. «Egurraren bukaerak ere, tonu argitara jotzen dute, bernizak ahalik eta naturalenak ematen dira, egurrak tonurik har ez dezan. Produktuaren naturaltasuna eta gordintasuna bilatzen da. Egurraren 'inperfekzio' eta guzti, arbegi, zurgizen…». Horrela, bat egiten dute egurrak ematen duen goxotasunak eta zuriaren argitasunak.
Apatta aroztegiaren produktuetan interesa daukan edonork telefonoz deitu dezake 943 679 810 zenbakira edo e-mail bat bidali adieraziz zein den bere asmoa. Batez ere, Gipuzkoa mailan lan egiten badute ere, Bizkaira, Arabara eta Nafarroara ere mugitzen dira. Orain arte egin duten bezala, aurrerantzean ere berritzen eta ikasten jarraitzeko asmoa daukate: «Material aldaketak datoz eta ea gure hornitzaileek zer aurkezten diguten». Izan ere, eguneratuta egotea beharrezkoa da, eta arkitektoekin nahiz dekoratzaileekin lan asko egiteak horretara bultzatzen ditu.
APATTA AROZTEGIA
Helbidea. APATTA INDUSTRIALDEA, BARATZONDO KALEA, E-33, IBARRA.
Telefono zenbakia. 943 67 98 10
E-maila. aroztegia@apatta.es
Webgunea. www.apatta.eus