Atzerritik etorritakoak eta bertakoak, bazkari baten inguruan

Ataria 2019ko urr. 22a, 17:59

Bizilagunak ekimenaren zortzigarren edizioa aurkeztu dute. Zer den azaldu ondoren, parte hartzeko deia egin dute. 

Iaz, Tolosaldean 10 bazkari egin zituzten Bizilagunak ekimenaren baitan. Aurten, Adunan bakarrik sei familia animatu dira parte hartzera. Antolatzaileek parte hartzeko ate guztiak zabalik daudela azaldu dute, eta informazio guztia sarean zintzilikatu dute. Horrez gain, aurkezpen ekitaldian, aurreko urteetako esperientziak kontatzen hainbat herritar aritu dira. Azaroaren 17an bazkariak izango dira eta 30ean, Hernaniko Odona auditorioan jai giroan guztiak elkartuko dira bizipenak kontatzeko.

Ez da familientzat bakarrik

SOS Arrazakeria elkarteak antolatzen du Bizilagunak proiektua. Atzerritik etorritako herritarrak bertakoekin elkartzea da asmoa, bazkari baten inguruan. Azaroaren 17an egingo dira bazkari horiek; etorri berrien etxean edo bertakoenean: "Ingurura begiratu eta herrialde desberdinetako hainbat lagun ikusiko duzu kaleetan barrena... Galdetu al diozu inoiz zure buruari zerk ekarri dituen hona? Hemengo bizimoduari buruzko zer sentipen eta iritzi dituzten? Edo agian, zu zeu etorkina zara eta ez duzu sekulan bertako inor ezagutu edo bertako lagunik izan herrialde honi buruz gehiago jakiteko". 

Bizilagunak proiektuak galdera horiei erantzuna eta irtenbidea eman nahi die. SOS Arrazakeriak-ek Euskal Autonomia Elkarte osoan antolatu dituzte azaroaren 17ko bazkariak: "Familiak izaten dira gehienak, baina lagunak, pisu kideak... izan daitezken parte hartzen dutenak. Dinamizatzaile batek ere parte hartuko du, antolaketan laguntzeko". 2012az geroztik, milaka lagunek hartu dute parte proiektuan. Aurtengoa zortzigarren edizioa izango dela azaldu dute, proiektura herritarrak gonbidatuz: "Edonongoa izanik ere, hemen bizi bazara zure familia, bikote, pisukide edo lagunekin, eta zure herriko jende berria ezagutu nahi baduzu, animatu eta parte hartu".

Tolosalderako deialdia

Tolosaldea Garatzeneko migrazio sailarekin jarri behar da harremanetan. 646 05 70 80 zenbakira deituta edo migrazioa@tolosaldea.eus e-mailera idatzita. Informazio guztia mugak.eu webgunean dago zintzilikaturik.

Aurreko urteetan Bizilagunak proiektuan parte hartu duten herritarren esanetan, ekimen "oso polita" da. Begoña Olamusu berrobitarrak, adibidez, "normaltasuna" aipatu du behin baina gehiagotan: "Oso ondo joan zen dena, normal. Etorri eta lehen minututik betiko ezagunak bagina bezala izan zen. Oso polita izan zen esperientzia". Anifa Ouro togotarrak izan zen Olamusuren etxean, eta oroitzapen oso onak dituela azaldu du, Bizilagunak proiektuari eskerrak ematearekin batera. Paola Neyra peruarra gogotsu azaldu da, proiektuan parte hartzeko gogoa baitu azaroaren 17an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!