Zer da zehazki saltzen duzuena?
Zuretik eratorritako erregaitarako produktuak saltzen ditugu orokorrean eta zehazki ezpala. Industria-galdaretan, negutegietan eta abar erabili daitezke. Hala ere, gure produktu nagusia pelleta da. Badira urte batzuk merkatu hau garatzen hasi ginela, egun, kalitatezko produktu bat izatea ahalbidetuz. Honen seinale da Euskal Herri mailan lehenetarikoak izatea DINPLUS ziurtagiria eskuratzen, eta iaztik pauso bat gehiago eman dugu, PEFC ziurtagiriarekin. Pelleta egiteko erabiltzen dugun materiala zerrategietan sortzen den zerrautsetatik eratzen dugu. Era honetara, zuraren ziklo osoa ixten dugu. Ondoren, hainbat modutan saltzen dugu: big-bagetan, paletetan, 15 kiloko zaku indibidualetan eta kamioi zisterna bidez.
Nolako ezaugarriak ditu?
Bere ezaugarri nagusia berotze ahalmen handia izatea da, eta berokuntza sistemetarako dauden erregaietatik ekologikoenen artean dago. Esan daiteke biomasa mota normalizatu bakarra dela, gasaren eta gasolioaren berotzeko gaitasunarekin konparatu daitekeen bakarra delako. DINPLUS ziurtagiriaren arabera gurea 4,6koa da gutxi gora behera.
Nondik sortzen da zuen pelleta?
Zerrategietako zerrautsetan du jatorria eta errota eta prentsa baten bidez sortzen den produktua da.
Ekologikoagoa da, ezta?
Esan bezala, berokuntza sistemetarako dauden erregaietan ekologikoenetakoa da, eta bere ekoizpena eta kontsumoa bertatik bertara egiten bada aukera ezin hobea izan daiteke gutxiago kutsatzeko. Azkenaldian hain presente dugun klima aldaketaren aurka pauso garrantzitsu bat ematea litzateke. Zerratokietako 'soberakina' baliatzen da energia sortzeko, berriztagarria da, distantzia laburretan egiten da eta kanpoko energia iturrien dependentzia murrizten du.
Bestalde, PEFC ziurtagiriak irizpideak eta tokian tokiko adierazleak diren neurriak betetzen ditugula bermatzen du. Esaterako, inoiz ez dugula erabiliko legez kontrako zuhaitz mozketetatik eta basoetatik, bestelako erabilpenerako eraldatutako basoetatik, genetikoki modifikatu diren organismoetatik, balio handiko kontserbaziorako baso suntsipen lanetatik edo langileei eskubideak urratzen dizkieten herrialde eta landaketetatik ateratako lehengairik.
Non erosi daiteke zuen pelleta?
www.naturbero.comwebgunean, 678 157 083 telefonora deituta edo Adunako Uparan industrialdeko 2. zenbakian daukagun gunean.
Geroz eta jende gehiagok berotzen du bere etxea pellet bidez?
Baietz esango genuke, baina egia da kaleko etxetan hau egiteak eragozpen gehiago dituela. Ez da baserri edo etxebizitza isolatu batean bezala. Azken hauetan aukera daukazu etxe osoko beroketa sistema eta ura pelletarekin berotzeko, normalean, leku gehiago izaten delako kaleko etxebizitzetan baino, silo bat jartzeko.
Etxebizitza multzo oso batek pelleta kontsumitzen hasi nahiko balu, silo bat jartzeko lekurik ez du izaten normalean. Etxegintza eta hirigintzarako orokorrean interesgarria izango litzateke etxebizitzak modu honetan diseinatzea.
Prezioz alde handia al dauka egurrarekin edo bestelako erregaiekin konparatuz gero?
Berotze ahalmena da kontuan izan behar dena alderaketa egiteko, eta, esan daiteke, gasa eta gasolioarekin alderatuz, pelletarekin %40a aurreztu daitekeela. Zuraren kasuan, zuhaitz bakoitzaren egurrak berotze ahalmen jakin bat du. Kontsumitzaileak erabakiko du zein den bere kasuan hoberena, eskura duen hori zein preziotan duen... Kontsumo arduratsu batek ere eragingo du azken kostuan, dena baloratu behar da eta etxearen isolamendua ere kontuan izan beharreko faktore oso garrantzitsu bat da. Beraz, faktore desberdinak hartu behar dira kontuan. Hala ere, ziurtatu dezakegu pelletaren aldeko apustua egiteak onura asko dituela eta gure pelleta bada, askoz hobeto.
Non erabili daiteke?
Galdaratan (etxekoak, industrialak…), berogailuetan, labeetan, sukaldeetan gure aiton-amonek zituzten antzeko ekonomiketan, baita pelleta erabiltzen dutenetan… Gaur egun, izugarrizko aukera dago edozein sistema jarri nahi izanda ere, eta gustu guztietarako sistemak daude. Entsegu batzuk egin dira elektrizitatea sortzeko eta ibilgailuen erregai bezala. Era askotako bezeroak ditugu: etxebizitzak, eskolak, kiroldegiak, landetxeak, negutegiak, industria, nekazari elkarteak…
Beste zerbait gehitu nahi al duzue?
Momenturen batean norbaiti pelleta kontsumitzea burutik pasatzen bazaio eta ez badaki nora jo instalazioa egin behar duelako eta horrek kezka sortzen diolako, ideia hori alde batera ez uzteko esan nahi diogu, guk emango dizkiogulako argibideak edota behar duen horrekin harremanetan jarriko dugulako.
Galdara jarri nahi bada nolako silo mota jarri behar den kontuan izatea garrantzitsua da, esate baterako, garraioaren prezioan eragin dezakelako. Siloa jarri baino lehen pellet ekoizleekin kontaktuan jartzea gomendatzen dugu, silo txikia jartzen bada garraioa garestituko delako, ziurrenik. Altuera handiegian jartzen bada, berriz, deskarga pneumatikoak arazoak sortu ditzake eta eskuz igo behar balitz, horrek ere garestitu dezake pelletaren prezioa. Gauza asko hartu behar dira kontuan. Zentzuzkoak izan eta kontzientzia badugu, ez genioke pelletaren prezioari soilik kontu egin beharko. Karbono aztarnari dagokionez, urrutitik datorren pellet merkeagoak aztarna handiagoa eragin dezake, distantziaren arabera gehiago edo gutxiago kutsatzen ariko garelako eta, beraz, ingurumenean eragiten. Etorkizun ez hain urrunean izango ditugun erronkak gainditzen lagunduko digun apustua egin dugu Naturberon eta irakurleak ere bat egitera gonbidatzen ditugu.
NATURBERO
Helbidea. UPARAN INDUSTRIALDEA, 2, ADUNA.
Telefono zenbakia. 678 15 70 83
Sare sozialak:
- Facebook: Naturbero
- Twitter: @naturbero
- Instagram: naturbero
- Webgunea. www.naturbero.com
- E-maila. info@naturbero.eus