Argazki galeria

Bi maisu handi, katedraleko kaiolan

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 20a, 22:11

Lau Eta Erdiko Txapelketaren barruan, final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida jokatu dute, Eibarren, Jakak eta Altuna III.ak. Norgehiagoka ikusgarria izan da, eta azkenean, amezketarra 22-19 nagusitu zaio lizartzarrari. Biek ala biek, erakustaldi bikaina eskaini dute, eta txalo zarta ikaragarri batekin eskertu dituzte zaleek. Jakak, igandean jokatuko du, Tolosan, hil ala biziko partida, Peio Etxeberriaren aurka.

Zoragarria. Gozatzeko modukoa. Bikaina. Teknikoki eta fisikoki, kalitate handikoa. Gustagarria. Kalifikatzaileak faltako lirateke, gaur arratsaldean, Eibarko Astelena pilotalekuan pilotazaleek bizi dutena deskribatzeko. "Merezi izan du etortzeak" eta "gozamen hutsa izan da" bezalako esaldiak entzun zitezkeen pilotaleku atarian, partida amaitu ondoren. Udan ateak itxi eta gero, udazkenean irekitzen ditu berriro ateak Astelenak, esku pilota munduan, Katedrala bezala ezagutzen den frontoiak. Hortaz, gaurkoa zen udazken-negua denboraldiko estreinako partida. Bada, ez da guztiz bete, baina bertaratu diren pilotazaleek gozatu handia hartu dute.

Lehen tantoetan oso zentratuta atera dira bi pilotariak, batez ere, Jaka bera. Lizartzarrak bertsio onena ateratzera behartu du amezketarra, baita alderantziz ere. Partidak, gainera, itxura bera izan du une oro. Batak besteari aukerako pilota jartzen zieten bakoitzean, defentsatik tantoa dominatzera igarotzen zen. Tiki-taka handiko partida izan da, erritmo bizikoa, eta biak aritu dira pilota alde batetik bestera oso bizkor eta indar handiz mugitzen. Horrelakoetan gertatzen den moduan, ordea, tantoa amaitzeko asmoz, erasoan akats batzuk ere egin dituzte batak zein besteak.

Lehen hamar kintzeetan, hiru berdinketa izan dira. Azkenengoa, 5nakoa izan da. Hortik aurrera, baina, alde txiki bat irekitzea lortu du Altunak: 6-11. Zati horretan, efektuarekin egindako alderantzizko dejada batekin, bi paretak erabiliz egindako boleakada indartsu batekin nahiz txokoan goxo-goxo utzitako pilota batekin txunditu ditu ikusleak. Orduan hasi da bere magia agertzen. Gainera, 9--12ko emaitzarekin aurretik heldu da lehen atsedenaldi luzera.

Bueltan, ordea, lizartzarraren susperraldia etorri da. Altunak galdutako pilota bati esker, eta bolea ikusgarri baten bitartez eta sakez egindako tanto bati esker, 12nako berdinketa jartzea lortu du Jakak. Susperraldiak, baina, ez du jarraipenik izan, eta Altuna jarri da berriro aurretik. 6 tanto egin ditu jarraian, zein baino zein ederragoak: Jakaren bi pareteko pilotakada bati, jokaldi berarekin erantzun dio amezketarrak, pilotazalea zur eta lur utziz; horrez gain, gantxoz, txokoan egindako dejada batekin, ezkerrez pilota zabaleratuz, zirriztaren bitartez eta Jaka zabalean salduta zegoela pilota atzera botata egin ditu tantoak.

Partida geroz eta maila handiagokoa zen, baina baita gogorragoa ere. Pilotek geroz eta gehiago pisatzen zuten, eta pilotarien gorputzean eta aurpegietan neke zantzuak nabari ziren. Horrela, zenbait huts egin dituzte biek, eta aldea mantendu egin da: 15-20. Azken zatian, Jakak bi tanto egin ditu jarraian, Altunak 21garrena lortu aurretik, eta horren ondoren ere, bi tantora gerturatzea lortu du lizartzarrak, airez amaitutako eta txokoan dejadaz egindako tanto banari esker. Azken tantoa, garrantzitsuena izaten dena, ordea, Altunak egin du. Azken emaitza, 19 eta 22koa izan da.

Elkarri loreak botaz

295 pilotakada jo dituzte bi pilotariek, eta 54 minutu iraun ditu partidak. Jokinek, 18 tanto egin ditu, eta 5 galdu. Erikek, berriz, 14 tanto egin eta lau galdu ditu. Egindakoetatik bi sakearen bitartez lortu ditu lizartzarrak. Gainera, partidaren hasiera aldera, sakez falta bat egin du, pilota motz geratu zaiolako. Partida amaieran, elkarri loreak botatzeko tartea hartu dute bi pilotariek, eta honakoa izan da partidaren inguruan egin duten balorazioa.

Askotan, nolako partidak jokatzen dituzten barrutik ez direla ohartzen aitortu du Jokin Altunak. "Hala ere, pozte naiz horrelako partida bat jokatzeagatik. Banekien aireko pilotak kendu behar nizkiola, baina presaka aritu naiz, eta pilota gaizki jotzen nuen. Abiadura handia eman nahi nion pilotari, eta batzuetan azkarregi ematen nion".

Altunak aitortu du astero entrenatzen duela Erikekin, eta nabaritzen duela goruntz datorrela. "Bere aurka jokatzen duzunean, presio handia ezartzen dizu, eta beraz, jakitun nintzen gaur asko sufritu beharra izango nuela. Tanto askotan pasara handia hartu dugu bai berak, baita nik ere. Gaurkoan, garbi geratu da zertan datzan lau eta erdiko jokoak".

Amezketarrak, gainera, lizartzarrak amore ez eman izana ere goraipatu nahi izan du. "18 eta 12 aurretik nindoala, segi egin beharra zegoela esaten nion nire buruari, izan ere, berak sakea hartzen duenean arrisku handia izaten du, eta gantxoak ere ikaragarri ongi markatzen ditu". Jakak hemeretzigarren tantoa egin duenean burutik zer pasa zaion galdetuta, honakoa erantzun du Altunak: "Arriskatu egin beharra nuen. Nahiz eta errefera ona egin, tantoa amaituko zidanaren beldur nintzen. Airez sartu naiz. Horren bila joan, eta gaurkoan, ondo irten da".

Erik Jaka gustura, eta aldi berean triste zegoen gaurko partidaren ondoren. "Bi aho zaporerekin nago une honetan. Partida bat galtzen duzunean, beti ezin zara etxera kontentu joan. Zati batean alde egin dit partidak. Gerturatzen nintzen, baina une oro, atzetik nindoan. Opariren bat ere egin diot, eta horrelako pilotariei opariak eginez gero, penatuta geratzen zara. Bestalde, alderdi positiboak ateratzeko balioko dit. Txapeldun handi bati aurre egiteko kapaz izan naiz, eta tramu askotan bera baino hobeto sentitzen nintzen. Baino detaile txikiek markatzen dituzte horrelako partidak, eta agintzen ari nintzen pare bat tanto bere aldera erori dira.

Jokinek bere jokaldiak igartzeko izan duen ahalmenagatik galdetuta, laudorioak besterik ez ditu izan aurkariarentzat. "Behin bakarrik ez dizkit asmoak igartzen. Besteok ez dugun dohainen bat du. Ikusi edo asmatu egiten du, eta horregatik irabazten ditu partida asko. Bestetik, bere pilotarekin sakea kentzea asko kosta zait hasieran, eta frontisetik gertu pilota bat hartzen duenean, Jokinek ez du inoiz barkatzen. Hala ere, neurketak utzitako alde negatiboak lehenbailehen ahaztu behar ditut".

Igandean, Beotibarren

Hirugarren eta azken jardunaldia, datorren asteburuan jokatuko da. Ostiralean bi partida izango dira. Batetik, Artolak eta Ezkurdiak Balmasedan jokatuko dute, eta Victorrek eta Altuna III.ak, berriz, Irunen. Larunbatean, Labriten jokatuko dute Bengoetxea VI.ak eta Lasok. Azken partida, Tolosan jokatuko da, igandean. Finalerdietarako azken txartela lortzeko nor baino nor ariko dira Jaka eta Peio Etxeberria, Beotibarren. Irabazten duena, bigarren postuan sailkatuko da finalerdietara. "Zorionez eskuak ondo ditut, eta ondo errekuperatu beharko naiz iganderako. Ea gaurkoa bezalako partida bat egiteko gai naizen, opari gutxiago egiten ditudan, eta 22ra heltzea lortzen dudan", adierazi du Jakak gaurko partida amaitu berritan.

Altuna III.a lehen postuan sailkatu da azken kanporaketarako, eta asteburuan jakingo du nor izango den bere aurkaria. "Niretzako oso polita da final erdietan egotea. Behin bakarrik ere ez nintzen azken jardunaldia jokatu aurretik sailkatu, eta orain bi aste ditut partida hori prestatzeko. Ea finalean sartzea lortzen dudan". Iñaki Artolak aukerak ditu oraindik, nahiz eta murritzak izan. Lehenik, bere partida irabazi behar du, eta ondoren, Bengoetxearen garaipen baten zain geratu beharko du. Gainera, kasu horretan, aldeko eta aurkako tantoak ere kontuan hartuko dira.

Erlazionatuak

Jaka-Altuna III, azken tantoa

Josu Artutxa Dorronsoro 2019 urr 20 Amezketa   Lizartza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!