Hamaikagarrenez Lehiberri, Tolosaldea Garatzen, Spri eta Eusko Jaurlaritzaren ekimenez antolatu da Tolosaldeko IKT Astea. Lehiberri zentroan, Villabonako KZ gunean eta Tolosako Oriaburu eraikinean eskainiko dira ikastaro eta tailerrak.
Ikastaro guztiak doanekoak badira ere, lekuak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman behar da www.lehiberri.eus webgunearen bitartez, lehiberri@tolosaldea.eus helbide elektronikoan edo 943 654501 telefono zenbakia erabilita. Honela, baiezapena jasotzen dutenek baino ez dute ikastaroetarako sarbidea lortuko.
Lehiberri zentroan
Goizeko ikastaroak Lehiberri zentroan eskainiko dira eta «ahal den neurrian kurtsoetara norberak ordenagailu portatila eramatea» eskatzen dute Tolosaldea Garatzenetik.
Egunero, 09:00-13:00 bitarteko ordutegian, gai ezberdin bati helduko diote. Esaterako, astelehenean, Hobetu produktibitatea IKTen bidez; asteartean, Defendatu zure enpresa online mehatxuengandik; asteazkenean, Bezero berriak lortzeko marketin digitala; ostegunean, Datuen erabilpena erabakiak hartzeko eta ostiralean, IKT bidezko bezeroen kudeaketa izango dituzte hizpide.
Astelehenean beraz, laneko produktibitatea hobetzeko dauden tresna eta teknika nagusiak ezagutuko dira. Bigarren saioan, enpresarentzako sarean dauden mehatxu nagusiak eta hauek ekiditeko baliabideak ezagutuko ditu parte hartzaileak. Aste erdian, asteazkenean, marketin digitalaren oinarriak landuko dira jardunaldi bidez. Edukien estrategiatik abiatuta helburuen neurketetara bitartekoa aztertuko da. Ostegunean, datuen bisualizazioa landuko da. Alegia, erabakiak hartzeko orduan duten garrantziaz jabetuz. Eta azkenik, ostiralean, IKTen bidez negozioan egin daitekeena ezagutzeko unea izango da.
Villabonako KZ Gunean
Eguerdietan, 14:15-16:15 bitarteko ordutegiarekin, ikastaroek Villabonako KZ Gunea hartuko dute. Komertziorako marketin digitala izenburupean, lau egunez, astelehenetik ostegunera bi orduko saioak izango dira.Tailerrak erabat praktikoak izateaz gainera, sare sozial eta posizionamenduari buruz hitz egingo da. Saioetara telefono mugikorra eramatea gomendatu dute Tolosaldea Garatzenetik, ikasitakoa unean bertan praktikan jartze aldera.
Tolosako Oriaburuko eraikinean
Goiz edota eguerdia betea dutenek aitzakiarik ez dute izango ikastaroetan izena emateko. Izan ere, arratsaldeak ere ikastaroez bete dituzte IKT Asteko arduradunek. 18:00etan hasi eta 20:00etan bukatuko dira, astelehenetik ostegunera bitarteko tailerrak. Hauek guztiak Tolosako Oriaburuko eraikinean izango dute kokalekua.
Sare sozialak eta nerabeak eztabaidan, nerabeek sare sozialak erabiltzeko moduarekin izan ditzaketen arazo nagusiak eta hauen irtenbideak aztertuko dituzte asteleheneko saioan.
Hurrengo egunean, asteartean, Mugikorrarekin egin daitekeen guztia tailerrean, telefono mugikorren aplikazio nagusiak ezagutzera emango dira.
Asteazkeneko gaia berriz, erosketei begirakoa izango da: Nola erosi online modu seguruan. Modu seguruan erosteko zein iruzur informatikoak ekiditeko gakoak plazaratuko dira bertan.
Eta azkenik, astea ixteko, lana bilatzeko tresna bezala aztertuko da internet: Internet lana bilatu edo hobetzeko jardunaldia medio. Tresna eta plataforma nagusiak ezagutuko ditu parte hartzaileak.
Informazio eta komunikazio teknologia herritar ororengana gerturatzeko saiakera izango da berriro ere, IKT Astearen hamaikagarren edizioa.