Bost greba egun gehiago

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 16a, 16:57

Gipuzkoako grafikagintza sektoreko langileak grebara deitu dituzte LAB, ELA eta UGT sindikatuek azaroaren 4tik 8ra; «hitzarmen duina» sinatu arte borrokan jarraituko dutela adierazi dute.

Zortzi greba egun egin dituzte Gipuzkoako grafikagintza sektoreko langileek, eta deialdi berri bat erregistratu dute LAB, ELA eta UGT sindikatuek. Azaroaren 4tik 8ra izango da, beste bost egun, beraz. «Negoziazioari ekin eta hitzarmen duina exijitzeko» helburuz deitu dituztela langileak grebara esan dute sindikatuek, eta borroka «sektoreko langile guztientzako hitzarmen duina sinatuko den egunean» amaituko dela azaldu dute.

«Funtsezko gauzak» eskatzen ari direla adierazi dute sindikatuetako ordezkariek: «egun sektoreak bizi duen egoera onarekin bat datozenak. KPItik gorako soldata igoerak, lizentziak gaurkotzea eta hobetzea, kontratazioa hobetzea eta estatuko hitzarmenaren mehatxuaren aurrean hitzarmena blindatzea». Neurri hauek guztiak, «justuak» izateaz gain, «lorgarriak» direla ere gehitu dute. «Urteetan sakrifizioak jasan ostean, sektoreko langileok behar-beharrezkoak ditugu».

Adierazi dutenez, «patronalak sindikatuetako eskaerei entzungor egiten dien bitartean, gatazka areagotuko da». Patronalak «aukeratu» egin behar duela esan dute. «Enpresariek badakite: zortzi greba egun egin ditugu eta gehiago egingo ditugu akordio justua lortu arte. Lantokiak aste osoa geldiaraziko ditugu ADEGIk langile guztiontzako akordio justu bat negoziatu gabe jarraitzen baldin badu». 

LAB sindikatuak bere aldetik, negoziaketa eta akordioa «lehenesten» dituela esan du. «Baina ate guztiak ixten zaizkigunean, borroka egitea beharrezkoa izateaz gain, erantzukizun ariketa bat da». 

Greba egunez gain, mobilizazio ugari ere egingo dituztela aurreikusi dute, eta sindikatuek dei egin diete grafikagintza sektoreko langile guztiei mobilizazioetan parte hartzeko. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!