Hondakinak kamioi jasangarriagoek bilduko dituzte

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 15a, 17:59

Tolosaldeko Mankomunitateak hamasei ibilgailu berriz hornitu du bere flota, lau urterako kontratazio bat sinatuz; isilagoak eta CO2 igorpen baxuagokoak izango dira.

Hondakinen bilketa zentzu guztietan optimizatu nahi du Tolosaldeko Mankomunitateak eta, bide horretan, hamasei ibilgailu berri gehitu dituzte Tolosaldeko 28 herrietako hondakinak biltzeko flotara. Tolosako Euskal Herria plazan egindako aurkezpen agerraldian, Gemma Ezeiza mankomunitateko teknikariak ibilgailuen izaera jasangarria azpimarratu du, besteak beste: CO2 igorpena murriztuko dute kamioi berriekin, eta baita soinua ere. 
Josu Amilibia Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak datu zehatzak eskaini ditu eta, azaldu du, mankomunitateak lau urteko kontratua sinatu duela FCC eta Serbitzu Elkarteak aldi baterako enpresarekin: hitzarmenaren arabera, Tolosaldeko Mankomunitateak 3.275.000 euro ordaindu beharko dio enpresari, urtean.

Karga sistema elektrikoa 

Hainbat ibilgailu mota eskuratu ditu mankomunitateak, eskualdeko bilketa egoeretara ahalik eta hobekien egokitzeko. Horrela, neurri eta ezaugarriak zehatz-mehatz azaldu dituzte aurkezpenean.
Dena den, hori hala izanik ere, badira ezaugarri azpimarragarriak, ibilgailu guztietan. Batetik, kamioiei pisaketa sistema izango dute, eta horrek edukiontzi bakoitzeko datu zehatzak eskura izatea ahalbidetuko dio mankomunitateari. Herri bakoitzeko bilketaren datuak errazago jasotzearekin batera, puntu zailenak identifikatzeko, eta bilketaren ibilbideak modu eraginkorragoan antolatzeko giltza izango da pisaketa sistemena. 
Bestetik, ibilgailu berriek, soinu gutxiago aterako dute, horretarako bereziki prestatutakoak baitira: «Kontuan izan behar da, bilketa gehiena herriguneetan egiten dugula, eta askotan gauez». Halaber, kale estuetan barrena bilketa eroso egiteko ibilgailu estuagoak ere txertatu dituzte flota berrian. 
Azkenik, Tolosaldeko Mankomunitateko herrietan, hondakinen bilketako CO2 igorpena jaitsi egingo da ibilgailu berriekin. Karga sistema elektrikoa baliatuz, edukiontziak jaso eta uzterakoan ibilgailuen motorra itzali egingo da, eta ibilgailuek karga sistema elektrikoa baliatuko dute horretarako. Gainera, ibilgailu handienek edukiontziak identifikatzeko sistema bat ere izango dute. 
Gemma Ezeizak azaldu du, hamasei ibilgailu berri horiek aurreko kontratuko beste lau ekipotara egokituko direla. Horrela, guztira, flota eta material berria 2.682.177 euroko inbertsioa izan da mankomunitatearentzat.  
Ibilgailu berriak lanean ari dira honezkero, hirigune, herrigune nahiz industriaguneetako hondakinak bilduz. Gainera, kontrataturiko enpresa arduratuko da edukiontziak garbitu eta mantentzeaz ere.

Inbertsioak

Albo kargako lau ekipo. 25 metro kubikoko edukiera , herriguneko bilketa. 
Atzeko kargako lau ekipo. 8 metro kubikoko edukiera, herriguneko bilketa pertsonalizatua. 
Atzeko kargako hiru ekipo. 25 metro kubikoko edukiera, industriguneetako gaikako bilketa. 
Kamioi bat. Altzari eta bolumen handiko trasteentzat. 
Kamioneta bat. Edukiontzien mugimenduak egiteko. 
Furgoi bat. Edukiontziak garbitu eta mantentzeko. 
Bi auto. Jarraipenerako. 
Edukiontziak. Albo kargako 1.050 eta atzeko kargako 3.000. 
GUZTIRA: 2.682.177,67 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!