Ehunka herritarrek aldarrikatu dute erreferenduma "ez dela delitua"

Ataria 2019ko urriaren 14a

Gure Eskuk deituta, Tolosan, Lizartzan, Amezketan eta Zizurkilen egin dituzte elkarretaratzeak. Bihar Ibarran izango da, eta larunbatean Donostian manifestaziora deitu dute.

Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi buruzagi independentistei, 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik. Gaur eman da epaia ezagutzera, eta Gure Eskuk elkarretaratzera deitu ditu herritarrak, «larrialdi demokratiko» baten aurrean gaudela esanez: «Guztionak diren eskubide zibil, politiko eta kolektiboen kriminalizazio hau onartezina da. Kalean salatu behar dugu. Beldurturik eta etsirik nahi gaituzte. Baina oker daude. Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko bidean ez dugu atzera egingo». Tolosaldean elkarretaratzeak egin dituzte, Amezketan, Lizartzan, Tolosan —irudian— eta Zizurkilen, eta bihar Ibarran egingo dute, 19:00etan, herriko plazan. Larunbaterako, berriz, Donostian egingo den manifestaziora joateko deia ere luzatu du Gure Eskuk.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!