"Larrialdi demokratikoa" dela eta elkarretaratzeak deitu dituzte gaur eta bihar

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 14a, 10:53

Gure Esku-k antolatuta, Amezketan, Tolosan, Zizurkilen eta Lizartzan gaur egingo dituzte mobilizazioak; Ibarran bihar. 

Espainiako Auzitegi Gorenak 9 eta 13 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkie Kataluniako bederatzi buruzagi independentistei, 2017ko urriaren 1eko erreferendumagatik. Behin-behinean espetxean zeudenak dira kartzelara zigortu dituenak. Beste hiru, berriz, desobedientziagatik zigortu dituzte, eta, beraz, ez dira espetxera joango.

Tolosaldean Gure Esku-k elkarretaratzeak antolatu ditu epaia jakin orduko. Larunbatean Donostian egingo duten manifestaziora joateko deia ere luzatu dute. 

 

Mobilizazioak eskualdean

  • Tolosan, gaur, 19:00etan Trianguloan
  • Amezketan, gaur, 19:30ean plazan
  • Lizartzan, gaur, 20:00etan
  • Zizurkilen, gaur, 19:30ean Aiztondo bailara mailakoa.
  • Ibarran, bihar, 19:00etan

Gure Esku-k elkarretaratzeak "larrialdi demokratiko" baten aurrean deitu dituela iragarri du: "Guztionak diren eskubide zibil, politiko eta kolektiboen kriminalizazio hau onartezina da. Kalean salatu behar dugu. Beldurturik eta etsirik nahi gaituzte. Baina oker daude. Gure etorkizuna erreferendum bidez erabakitzeko bidean ez dugu atzera egingo". 

 

Zigorrak

Sedizioagatik zigortuak:

  • Oriol Junqueras: Generalitateko presidenteorde zenari 13 urteko espetxe zigorra eta 13 urteko inhabilitazioa ezarri dio.
  • Raul Romeva: Atzerri kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Joaquin Forn: Barne kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Turull: Presidentetza kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Rull: Lurralde Antolaketako kontseilariari, 10 urte eta erdiko zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa.
  • Dolors Bassa: Lan eta Gizarte Gaietarako kontseilariari, 12 urteko zigorra eta 12 urteko inhabilitazioa.
  • Carme Forcadell: parlamentuko presidenteari, 11 urte eta erdiko zigorra eta 11 urte eta erdiko inhabilitazioa.
  • Jordi Sanchez: ANCko presidenteari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.
  • Jordi Cuixart: Omniumeko presidente zenari, 9 urteko zigorra eta 9 urteko inhabilitazioa.

Desobedientziagatik zigortuak:

  • Santi Vila, Kultura kontseilari ohia.
  • Carles Mundo, Justizia kontseilaria.
  • Meritxell Borras, Gobernazio, Administrazio Publiko eta Etxebizitza kontseilaria.

Hiru horiei 60.000 euroko isun ekonomikoa eta urtebete eta zortzi hilabeteko inhabilitazioa ezarri diete zigor gisa.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!