Helburua «partidaz partida joatea» dela dio Jokin Altunak

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 11a, 15:59

Pilotari amezketarrak Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du Lau eta Erdiko ligaxkako lehen partida astelehenean.

Datorren astelehenean hasiko du Jokin Altuna amezketarrak bere bidea aurtengo Lau eta Erdiko Txapelketan, final-laurdenetako ligaxkan. «Helburua partidaz partida joatea da, eta partida guztietan, ahal dela, erregularra izatea. Partida bat galdu behar bada ere, bukaeraraino borrokatzea, ahal den tanto gehienak egiteko», esan du Altunak. «Hala ere, esan bezala, orain asteleheneko partida daukat buruan. Horrekin nahikoa lan badut».

Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du Altunak: «Etortzen zen aurkaria etorrita ere, banekien aurkari arriskutsua izango zela. Nik beti esaten dut garrantzia handiagoa ematen diodala gu nola gauden eta egun horretan nola egongo garen». Azkenean bakoitzak berea begiratu beharra duela gaineratu du: «Nire kezka handiena nire joko onena ateratzea da. Badakit Peiok maila ona duela, azken garaian horrela ari da, gero eta hobeto ari da jokatzen pilotan, baina nik neurea egin behar dut eta horrela aukerak izango ditut irabazteko».

Artola eta Etxeberriak astelehenean Beotibarren jokatutako partida gaur egun lau eta erdian jokatzen diren partiden estilokoa izan zela zehaztu du Altunak: «Biek erritmo handia jarri zuten. Denbora asko ez da izaten pilotakada batetik bestera, eta tanto gogorrak asko egon ziren. Astelehen honetakoa ere erritmo handikoa izango da, eta ikusi egin beharko da zein gailentzen den. Aurrena erasotzea garrantzitsua izango da». Fisikoki ondo dagoela dio amezketarrak: «Udan partida dezente jokatu ditut, baina uda bukaerara ondo iritsi naiz. Aste honetan ari naiz prestatzen asteleheneko partida. Ondo sentitzen naiz, aitzakiarik gabe, eta gogoz partida iristeko».

Altunak, beraz, astelehenean du partida, Tolosako Beotibar frontoian. Jaialdia 16:30ean hasiko da eta bere partida bigarrena izango da. ATARIA IRRATIAk zuzenean eskainiko du partidaren kontakizuna. Erika Jaka lizartzarrak gaur jokatuko du ligaxkako lehen partida, Victorren aurka, Azpeitian. 22:00etan hasiko da jaialdia eta berea bigarren partida izango da. Bestalde, Iñaki Artola alegiarrak Lasoren aurka jokatuko du ligaxkako lehen partida, bihar, Altsasun. 18:00etan hasiko da norgehiagoka hori. Azkenik, promozio mailan, Peña II.a pilotari tolosarrak Darioren aurka Avilako Crespos herrian jokatuko du, igandean, 12:00etan hasita. Ligaxkako bigarren partida izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!