EUSKARA ETA FEMINISMOA -Bidegurutzea elkargune-

Hizkuntza eta genero menderakuntzen gurutzatzea, hitzaldi ziklo batean

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 8a, 11:59

Galtzaundi euskara taldeak 'Euskara eta feminismoa: bidegurutzea elkargune' hitzaldi zikloa aurkeztu du; hilaren 15ean hasita, eskualdea zeharkatuko dute saioek.

«Euskara eta feminismoa gai partzialak direla pentsatzen dugu: euskaldunei bakarrik dagokiela euskara, eta emakumeei bakarrik feminismoa. Eta ez da egia». Hitz horiek baliatu zituen, atzo, Lorea Agirre Jakineko zuzendariak, Euskara eta Feminismoa: bidegurutzea elkargunehitzaldi zikloaren aurkezpen agerraldian, euskararen eta feminismoaren zentralitateari fokua jarri, eta saioetarako gonbidapena zabala dela azpimarratzeko: «Bi gai horiek erabat erdigunean daude gure gizartean».

Galtzaundi euskara taldeak antolatutako zikloa egituratzeko lanetan aritu da Lorea Agirre, eta hizlarietako bat ere izango da, Idurre Eskisabelekin batera azken urteotan garatzen ari diren lanketa hizpide hartuta.

Arrasate izan zen, 2014an, euskara eta feminismoa uztartu, eta uztartze horren bueltako gogoeta publikoak estreinakoz hartu zituen plaza. Besteak beste, Izan daiteke euskaltzale feminista izan gabe?galdera izan zen gogoeta haren abiapuntu, eta gaur egun hainbat ikerketa lanen erdigune bilakatu da gaia: «Oso jende aditua eta interesgarria ariko da ziklo honetako saioetan, eta gaiari oso leku desberdinetatik begiratuko diote, gainera».

Horrela, etorkizuneko erronkei elkarrekin erantzuteko aukera interesgarritzat jo zuen egitasmoa, Maddi Arana Tolosaldeko Asanblada Feministako ordezkariak: «Une interesgarria bizitzen ari gara bi mugimenduak, eta batak bestearengandik jaso dezakeena ere interesgarria izango da, euskarak eta generoak bat egiten baitute boteretzeko prozesuetan».

Bide beretik, Olatz Peon Tolosako alkateak bi gaien zeharkako izaera nabarmendu nahi izan zuen, herrigintzari begira: «Oinarrizko bi zutabe dira, eta gure eguneroko laneko erronka, bai III. Berdintasun Planean, eta baita Tolosaldeko Euskararen Mahaian ere».

Hitzaldi zikloak eskualdea zeharkatuko du eta, datorren urriaren 15ean hasita Tolosan, Villabonan, Ibarran eta Amezketan izango dira saioak, egitarauan zehaztu dutenez. Azpimarratzekoa da, Galtzaundik aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko duela hitzordu guztietan, Haritz Azurmendi Galtzaundiko kideak azaldu zuenez: «Euskararen eta feminismoaren arteko loturak eta harremanak aztertzeko baliagarriak izango dira saioak eta, horregatik, euskaraz izango dira hitzaldi guztiak, baina euskara ulertzen ez dutenak edo ulertzen ez dutenak ere saioetara bertaratzea nahi dugu».

BOTERE HARREMANAK, FINEAN

Antropologia linguistikora begira jarriz, Lorea Agirre hizkuntzaren eta generoaren arteko loturaz aritu zen aurkezpenean: «Gauza jakina da, hizkuntzaren eta generoaren artean lotura handia dagoela, eta are handiagoa hizkuntza minorizatuen barruan (...). Gure gizartea tematzen da, gizon-emakumeak oso modu bereizian hezten eta antolatzen, eta hizkuntz ohiturak ere sartzen dira hor. Finean, sakoneko botere harremanak dira, eta hizkuntza hegemoniko-hizkuntza minorizatu sistemaren, eta sexu-genero sistemaren arabera erabakitzen da, zein hizkuntzatan hitz egiten den, eta nork hitz egiten duen».

Hurrengo asteartean, Idurre Eskisabelekin batera, Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkarguneahitzaldian xehatuko ditu ideia hori eta beste zenbait, 18:30etik aurrera, Tolosako pleno aretoan, zikloa abiaratzeko. Saio guztiak irekiak eta doakoak izango dira eta, aipatu bezala, aldibereko itzulpen zerbitzua izango dute.

EGITARAUA

Urriak 15, asteartea

18:30.Euskaltzaletasuna eta feminismoa, ahalduntzeko elkargunea, Tolosako pleno aretoan. Hizlariak: Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga.

Urriak 22, asteartea

18:30.Euskara eta generoa gurutzatzen direnean, Villabonako Subijana etxean. Hizlariak: Jaime Altuna Ramirez eta Jone Miren Hernandez Garcia.

Urriak 29, asteartea

18:30.Euskara eta emakumeak, genealogia/begirada feminista bat, Ibarrako kultur etxean Hizlaria: Saioa Iraola Urkiola.

Azaroak 5, asteartea

18:30.Generoa eta hizkuntzen elkargunea eraikitzen, Amezketako kultur etxean. Hizlaria: Itziar Gandarias Goikoetxea.

Azaroak 13, asteazkena

18:30.Mahai ingurua, Tolosako kultur etxean: Mugimendu feminista eta hizkuntza praktikak. Hizlariak: Petra Elser, Idurre Eskisabel Larrañaga, Tarana Karim eta Azpeitiko Emakumeen Txokoko ordezkari bat. Moderatzailea: Eider Olazar Elduaien.

Ondoren.Sormen saioa egingo dute Uxue Alberdi Estibariz eta Oihana Iguaran Barandiaran bertsolariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!