Unai Arroyok garaipena eta errekorra XXI. Txingudi Korrikan

Tolosaldeko Ataria 2019ko urr. 7a, 20:59

Hendaian hasi eta Hondarribian bukatzen den 10 kilometroko proban azkarrena izan da tolosarra, iazko garaipena errepikatuz. Emakumezkoetan laugarren izan da Lourdes Colomo zizurkildarra. Rolleski eta handbike modalitateetan eskualdeko ordezkariak igo dira podiumera.

Guztira 535 korrikalari iritsi dira helmugara, eta gizonezkoetan azkarrena Unai Arroyo tolosarra izan da, Apalategi Kirolak taldeko kidea. 31.25eko denborarekin marka berria ezarri du, aurrekoa zazpi segundotan hobetuz. Bigarrena Jose Antonio Gomez de Arriba irundarra izan da, 32.14 denborarekin, eta hirugarrena Raul Gomez lasartearra 32.39rekin.

Emakumezkoetan Sara Villasante donostiarra izan da azkarrena, 37.10ko denborarekin, marka berria ezarriz. Bigarrena Maite Arraiza lazkaotarra izan da, 38.05ko denborarekin, eta hirugarrena Nerea Egia donostiarra, 39.53rekin. Zarautzen bizi den Lourdes Colomo zizurkildarra izan da laugarren, hirugarrenetik 8 segundotara.

Bestalde, 58 irristalarik parte hartu dute, eta bi podiumetan eskualdekoak izan dira. Gizonezkoetan Ilazki Zalakain tolosarra bigarren izan da, 17.57ko denborarekin. Bere aurretik Mikel Solas gasteiztarra sailkatu da, segundo bat lehenago. Hirugarren Nicolas Alonso donostiarra izan da, 18.35 eginez. Emakumezkoetan, Nere Karrera tolosarra izan da bigarrena, 21.50eko denborarekin. Nagore Montes donostiarra izan da azkarragoa, minutu bat baino gehiago aurreratuz, eta 20.40 eginez. Hirugarren Sindy Santiago hernaniarra izan da, 22.20ko denborarekin.

Azkenik hiru parte hartzaile izan dira handbike modalitatean eta guztiak eskualdekoak. Ion Galarraga goiaztarra izan da irabazlea, 22.45ko denborarekin. Bigarren Mikel Goikoetxe amezketarra izan da, 25.30rekin, eta hirugarren Aingeru Senperena goiaztarra, 29.10 eginez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!