Jakak aurrera, Peñak aurrena

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 6a, 14:51

Lizartzarrak aise menderatu zuen, atzo, Joanes Bakaikoa: 22-6. A multzoan ariko da Jaka, Altuna III.arekin batera. Peña II.ak, berriz, 22-10 irabazi zion Alberdiri, ligaxkako lehen jardunaldiko partidan, Bartzelonan.

Erik Jaka iaz kaiolako torneoak utzitako arantza kentzeko aukera baliatu nahi zuen, atzo, Etxarri-Aranazko pilotalekuan jokatu zuen Lau eta Erdiko Txapelketako final zortzirenetako kanporaketako partidan. Iaz, Arteaga II.ari irabazi ondoren, lesio batengatik ezin izan zuen ligaxka jokatu, eta beraz, atzo, berriro zortzi onenen artean sartzeko abagunea zuen, eta ez zuen pasatzen utzi nahi.

Erabat nagusi izan zen lizartzarra. 12-0 aurreratu zitzaion, atzo etxean jokatzen zuen Bakaikoari. BAIKOko aurrelariak, ez zuen Jakaren sakeei erantzuteko aukerarik izan; izan ere, era guztietakoak egin zizkion; ezker hormara, erdira, zabalera... Lehen atsedenaldi luzerako, beraz, izan zezakeen alderik handiena zuen Jakak. Hortik aurrera, gainera, jokoa ez zen asko aldatu, eta kantxan ikusten zena irudikatzen zuen markagailuak. 13 tantoren aldearekin heldu ziren bigarren atsedenaldi luzera (18-5), eta azkenean, 16 tantoren aldearekin nagusitu zen Jaka: 22-6.

32 minutu eta 30 segundo iraun zuen partidak, eta 153 pilotakada jo zituzten bi aurrelariek. Jakak, 8 tanto egin zituen sakez; Bakaikoak bat bera ere ez. Gainera, beste 10 tanto egin zituen Jakak jokoan; Bakaikoak 3 bakarrik. Etxarriarrak, gainera, 4 tanto galdu zituen, horietako bat, pilotak botea lau eta erdiko arrastoa baino atzerago egin zuelako. Lizartzarrak, bestalde, 3 pilota galdu zituen; tartean, sakez falta egin zuen. Aukera izan zuen bakoitzean, airearen bila joan zen Jaka, tantoa berehala amaitzera. Erritmo bizkorra ezarri zion pilotari, eta Bakaikoak aukerako pilota uzten zion bakoitzean, aprobetxatzen jakin zuen. Amaieran gustura zegoela adierazi zuen: "Oso kontzentratuta atera naiz; saketik min egiten nion, eta aukerak ondo aprobetxatu ditut. Bigarren zatian, gehiago kosta zait tantoak amaitzea, akaso, partida bideratuta ikusi dudalako edo berak gehiago asmatu duelako. Baina, orokorrean, kontentu nago partida irabazi dudalako".

Ondorioz, Jaka, Altunarekin eta Victorrekin batera ariko da final laurdenetako ligaxkako A multzoan. Berez, Urrutikoetxea zen multzo horretan aritu behar zuen laugarren pilotaria, baina lesio batengatik txapelketari uko egin dio Zaratamoko aurrelariak. Ondorioz, final zortzirenetako kanporaketan, galtzaileen artean tanto gehien egiten dituenak hartuko du bere lekua. Oraingoz, Irribarria da tanto gehien egin dituena. 22-7 galdu zuen, ostiralean, Victorren aurka. 5-5eko berdinketarekin hasi zen partida, eta estua izango zela zirudien arren, erasokor jokatzen hasi zen errioxarra, pilotaren bila joanez, eta tantoak bata bestearen atzetik pilatuz. Azkenean, 18 tanto egin zituen, eta ez zuen pilotarik galdu.

Biharko partidak, Ataria Irratian

Bestalde, bihar jokatuko dira Tolosako Beotibar pilotalekuan, final zortzirenetako beste bi partidak. Batetik, Elezkano II.a eta Laso ariko dira nor baino nor. Iñaki Artola alegiarrak, berriz, Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du. Irabazleak, final laurdenetako ligaxkako B multzora sailkatuko dira; multzo horretan zain dituzte Bengoetxea eta Ezkurdia. Biharko jaialdia 16:30ean hasiko da, eta Ataria Irratiak zuzenean eskainiko ditu bi partida horiek.

Lehen partidan, lehen garaipena

Jon Ander Peña tolosarrak, bestetik, garaipen garrantzitsua lortu zuen, Promozio Mailako Lau eta Erdiko Txapelketan. Final laurdenetako ligaxkako B multzoan kokatu dute Peña, Dario, Zabala eta Alberdirekin batera. Azken honen aurka jokatu zuen, atzo, lehen jardunaldiko partida. 22-10 irabazi zion Alberdiri Peñak, Bartzelonan. Tolosarrak abiadura handiz mugitu zuen pilota, eta aurkariak emandako aukerak ederki aprobetxatu zituen. Datorren igandean jokatuko du bigarren jardunaldiko partida, Darioren aurka, Avilan. Atzo, errioxarrren arteko derbia jokatu zuten Najeran Dariok eta Zabalak. Dariok 22-21 irabazi zuen.

Igandean irabazten duenak, beraz, aukera handiak izango ditu finalerdietan aritzeko. Beste multzoan, Egiguren, Elordi, Agirre eta Arteaga II.a daude. Lehen biek, bihar jokatuko dute elkarren aurka Tolosan. Beste biak, berriz, Agurainen ariko dira, asteartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!