Jaka eta Artola lehian sartuko dira Lau eta Erdiko Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 4a, 19:58

Jakak bihar du partida Bakaikoaren aurka; Artolak, astelehenean, Beotibarren, Peio Etxeberriaren kontra

Asteburu honetan jarriko da martxan aurtengo Lau eta Erdiko Pilota Txapelketa, eta eskualdeko bi pilotari ariko dira lehian, final-laurdenetarako ligaxkara sartzeko asmoz. Erik Jaka lizartzarrak bihar jokatuko du Joanes Bakaikoaren aurka, Etxarri Aranatzen. 18:00etan hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da. Iñaki Artola alegiarrak Peio Etxeberria izango du aurkari, astelehenean, Tolosako Beotibar frontoian. 16:30ean hasiko den jaialdiaren bigarren partida izango da.

Jaka partidara «momentu nahiko txukunean» iristen dela dio: «Udan partida dezente jokatu behar izan ditut, eta gorabeherak izan ditut jokoaren aldetik, baina nik uste dut berriz maila onean nagoela, eta ea larunbatean maila on hori erakusten dudan». Iazkoan ligaxka jokatzeko sailkatu zen, baina lesio batengatik ezin izan zuen parte hartu. «Gustura errepikatuko nuke aurten iazko lehen partidaren garaipena, eta gero lau eta erdiko espezialista handien aurka jokatzeko aukera izatea ligaxkan». Bakaikoaz profesionaletan «lan gehien eginarazten duenetakoa» dela dio: «Defentsa izugarria du, oso sufritua da eta ezer erregalatzen ez duena».

Artola, bere aldetik, kanporaketara «nahiko ondo» iritsi dela dio: «Partida dezente jokatu ditut, baina egun batzuk izan ditut orain partidarik gabe, eta aukera izan dut entrenamenduren bat egiteko». Peio Etxeberria «behetik gora» datorren pilotaria dela dio Artolak: «Denbora dezente darama oso maila ona ematen, eta Nafarroako Lau eta Erdikoan Elezkanori irabazi zion. Ondo moldatzen da lau eta erdian, eta pilotari osoa da». Nafarroako Lau eta Erdian finalera iritsi zen Artola, eta orduan erakutsitako jokoa errepikatzen saiatuko dela azaldu du.

Peña II.a, promoziokoan

Promozio txapelketan eskualdeko pilotari bakarra izango da lehian, Jon Ander Peña tolosarra. Bi multzo osatu dituzte, bakoitza lau pilotarirekin, eta ligaxka jokatuko dute. Bere multzoan, Peña II.ak aurkari izango ditu Dario, Zabala eta Alberdi. Azken honen aurka jokatuko du ligaxkako lehen partida, bihar, Bartzelonako Vall d'Hebron pilotalekuan. Peña II.a txapeldunorde izan zen iazko txapelketan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!