Mujika eta Irazu aizkolariek kanporaketak dituzte jokoan

Imanol Garcia Landa 2019ko urr. 4a, 19:59
Jexuxmari Mujika eta Jon Irazu.

Jexuxmari Mujikak Lehen Mailako kanporaketa jokatuko du bihar, eta Jon Irazuk Bigarren Mailakoa, igandean.

Eskualdeko bi aizkolarik, Jexuxmari Mujika ibartarrak eta Jon Irazu zizurkildarrak, hitzordu garrantzitsuak dituzte asteburuan. Mujikak Euskal Herriko Lehen Mailako Aizkora Txapelketako kanporaketa du, bihar, Gasteizen. Irazuk, Euskal Herriko Bigarren Mailakoa, igandean, Etxarri Aranatzen.

Mujikak hamar aizkolari izango ditu lehiakide: Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Luis Txapartegi, Mikel Larrañaga, Jon Rekondo, Eneko Otaño, Iker Vicente, Julen Alberdi, Ruben Saralegi eta Ugaitz Mugertza. Kanporaketa Foruen Plazan izango da, 18:00etan. Iaz Bigarren Mailako Txapelketa irabazi ondoren lortu du kanporaketa jokatzeko txartela Mujikak. Aurretik hiru urtez izan zen Lehen Mailan ibartarra, 2009an Bigarren Mailako txapela jantzi eta gero. Hiru urtez aritu zen Lehen Mailan, eta guztietan finalera iritsi zen.

Biharkoan, finalerako txartela lehenengo sei sailkatuek lortuko dute, eta azken biak jaisten dira mailaz. Joseba Otaegi zizurkildarrak uko egin dio parte hartzeari kanporaketan, eta beraz, Bigarren Mailan lehiatuko da datorren urtean. Kanporaketan azkena geratzen dena izango da mailaz jaitsiko den beste aizkolaria. Sentsazio «oso onak» dituela dio Mujikak: «Saiatu naiz lanaren arabera dudan denbora erabiltzen prestatzeko. Nire lana ondo eginez gero, gustura geratuko naiz, nahiz eta azkena geratu». Finalerako sailkatzeko zaila ikusten du ibartarrak, eta bere helburua azken postuan ez geratzea dela dio.

Jon Irazuk, bere aldetik, hamabi lehiakide izango ditu: Arkaitz Jauregi, Juan Jose Lopez, Eloy Corchero, Oihan Larretxea, Julen Larrea, Jose Antonio Etxeberria, Hodei Ezpeleta, Oier Kañamares, Iban Resano, Xabier Zaldua, Asier Pellejero eta Aratz Mugertza. Etxarri Aranazko pilotalekuan ariko dira lehian, 18:00etan hasita. Finalerako sei sailkatuko dira eta azkeneko biak jaitsiko dira mailaz. Aurreko urtean galdu zuen Lehen Maila Irazuk: «Iaz baino denbora gehiago dedikatu ahal izan diot aurten aizkorari eta uste dut lehenengo seietan sartzeko arazorik ez nukeela izan beharko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!