Mujika bigarren eta Mozo hirugarren, lokotx biltzen

Ataria 2019ko urriaren 4a

Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketaren une bat.

Gipuzkoako Lokotx Biltze Txapelketa izan zen jokoan pasa den igandean, Aizarnazabalen, eta bertan parte hartu zuten Asier Mujika tolosarrak eta Uxer Mozo ikaztegietarrak.

Mujikak bigarren amaitu zuen eta hirugarren postuan sailkatu zen Mozo. Irabazlea Jon Larrañaga mendaroarra izan zen, 50 lokotxak biltzen 6 minutu eta 48 segundoko denbora eginez. Mujikak 20 segundo gehiago behar izan zituen lanak amaitzeko, eta Mozok, berriz, 30 segundo gehiago.

Uxer Mozok aurreko egunean, larunbatean, Euskal Herriko Lokotx Biltze Txapelketan parte hartu zuen. Gipuzkoatik bi ordezkari joan ziren, zozketa bidez aukeratuak, oraindik ez baitzen Gipuzkoako Txapelketa jokatu. Igantzin egin zen txapelketa eta Mozok zortzigarren postua lortu zuen, 7.30eko denborarekin, irabazlea izan zen Imanol Kañamaresengandik minutu bat eta zazpi segundora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!