Dislexia ikertzeko konpromisoa hartu dute 10 ikastetxek

Jon Miranda Labaien 2019ko urr. 3a, 15:59

Dislegi elkarteak eta Ner Group taldeak sustatutako Dislexia On proiektuarekin bat egin dute eskolek; etzi Hernialden egingo dute aurkezpen ekitaldia.

Dislexia ez da gaixotasuna. Hitzak zehaztasunez eta arintasunez irakurri eta letreiatzeko gaitasunei eragiten dion ikasteko zailtasuna baizik. Euskarri aproposarekin, dislexia duten haurrek bere ahalmen eta talentu guztiak erdietsi ditzakete eta Dislexia On proiektuarekin bat eginez eskualdeko 10 ikastetxek euskarri horiek egokitzeko konpromisoa hartu dute. Etzi, Hernialdeko kultur etxean, 10:00etatik aurrera, diploma eta gidak banatuko zaizkie ikastetxeei eta bi adituren hitzaldia izango da.

Dislegi Gipuzkoako elkarteak emandako datuen arabera, populazioaren %7tik %10era bitarteko tarteari eragiten dio dislexiak, baina gehienek ez dakite zailtasun hori dutenik. Ez bada garaiz identifikatzen, autoestimu baxua, estresa, portaera arazoak eta errendimendu baxua eragin dezake. Esperientzia horretatik pasa behar izan du Nekane Lazkanoren semeak. Behin betiko balorazioa jaso bitartean bide luzea egin behar izan dute: «Bagenekien zerbait arraroa zegoela, ikusten genuen semeak zailtasunak zituela eta ez zuela besteen erritmoa segitzen. Kontsulta asko egin genituen baino ez ziguten ezer argirik esaten. Norbaitek dislexiaren aukera aipatu zigun eta hari horri tiraka hasi ginen. Dislegi elkartearekin harremanetan jarri eta konturatu ginen gu bezalaxe, gainerako gurasoek ere frustrazio handia zutela. Ezezagutza handia dago irakaskuntza mailan, eta gizartean oro har».

Zerbait egin beharra zegoela pentsatuta eman zuen urratsa Lazkanok. Tolosako Arreche enpresan egiten du lan eta enpresa horrek beste 23 lantegirekin batera Ner Group taldean hartzen du parte. Taldeak gizartearekiko konpromisoa agertzeko proiektuak laguntzen ditu. «Diru laguntza txiki bat ematen zaio egitasmoari eta taldean parte hartzen dugun enpresetako langileok boluntario bezala laguntzen dugu», esan du Lazkanok. «Ikusita dislexiaren inguruko ezezagutza handia dela, Dislegi elkartekoekin hitz egin eta Ner Groupeko gizartearekiko konpromiso bezala, proiektu bat luzatzeko proposamena egin nien. Horren emaitza da Dislexia On egitasmoa». Tolosako Arreche lantegiko langileak eta Legorretako Panelfisa, Bergarako Royde eta Abanto Zierbanako Lancor enpresetako langileak ibili dira proiektuan boluntario bezala.

Egitasmoa aitzindaria da Euskal Herrian eta British Dyslexia Associacion elkarteak garatu duen Dyslexia Friendly School markan dago oinarrituta. Helburua dislexiarekin lagunkoiak diren ikastetxeen sarea osatzea da.

KONPROMISOA HIRU FASETAN

Urte hasieran abiatu zuten Dislexia On proiektua. Ner Group taldean parte hartzen duten enpresetako langileek Dislegi elkarteko kideen eskutik formazioa jaso zuten Lazkanok aipatzen duenez: «Oinarrizko jakintza batzuk jaso genituen dislexiaren inguruan eta Dislegi elkartearen laguntzarekin eskuorri bat prestatu genuen. Gero Tolosaldeko ikastetxe guztietan saioak antolatu genituen informazioa zabaltzeko». Horrekin batera, elkarteak antolatutako saio bat ere egin zuten Ibarrako kultur etxean maiatzaren 23an. Eskualdeko 23 ikastetxek hartu zuten parte bileran.

Behin azalpenak jasota, proiektuan parte hartzea erabaki dute Alegiako Aralar institutuak, Alkizako eskolak, Villabona-Zizurkilgo Zubimusu ikastolak, Ibarrako Uzturpek, Irurako ikastolak, Herrikide eskolak, Laskorain ikastolak, Inmakulada ikastetxeak, Tolosaldea Lanbide Heziketa institutuak eta Zizurkilgo Fraisoro nekazaritza eskolak. Lehen hezkuntza, bigarren hezkuntza, batxilergo eta lanbide heziketako ikastetxeak dira eta 5.000 ikasle eta 400 irakasle biltzen dituzte. Lehen faseari ekingo diote orain. Landu behar diren arloen azterketa bat egingo dute aurrena, autodiagnostiko moduko bat. Ondoren, irakasle guztiek formazio bat jasoko dute dislexiaren inguruan. «Badakigu ikastetxeek proiektu asko dauzkatela eta ez genituzke estutu nahi, baina garrantzitsua iruditzen zaigu irakasleek formazio bat jasotzea gaiaren inguruan, lehen fasearen amaieran», aipatu du Lazkanok.

Ikasleen artean azterketa bat egingo dute ondoren, dislexia izan dezaketen umeak identifikatzeko eta bigarren fasean jarduketa eremuak garatzeari ekingo diote. Lazkanoren esanetan, egokitzapen gutxi batzuekin aurrerapen handia egiten dute umeek: «Ez dira ikaragarrizko aldaketak, irakurtzeko testu bat ematen dietenean, hizkiaren tamaina pixka bat handituta, letra motak zainduta, ertzetako tartea zabalduta, esate baterako, txikikeria horiekin hobekuntza handia egin du gure umeak. Baina batez ere alde handia antzeman diogu animoan. Pozik joaten da orain eskolara».

LARUNBATEAN HERNIALDEN

Dislexia On proiektuan parte hartuko duten 10 ikastetxeek etziko jardunaldian parte hartuko dute Hernialden eta lehen fasean, Dislexia Ikertzen ari direla ziurtatzen duen zigilua jasoko dute. Gida bat banatuko zaie, hemendik aurrera jarraitu beharko duten bidearen inguruko azalpenak emanez. 10:00etan hasiko da eguna eta Amaia Garcia Rodriguez eta Virginia Tremols adituek hitzaldia emango dute kultur etxean. Diploma banaketa egin ondoren, hamaiketakoarekin borobilduko dute aurkezpen jardunaldia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!