Enplegunean, 80 lanpostu eskainiko zaizkie langabetuei

Irati Saizar Artola 2019ko urr. 3a, 11:59

Seigarren Enplegunea egingo dute urriaren 10 eta 11n Lehiberri zentroan; 80 lanpostuetatik 45 diruz lagunduko dira, eskualdeko langabetu tasa jaitsi asmoz.

Tolosaldea Garatzenek Lanbideren finantziazioarekin martxan jarritako Eskualdeko Enplegu Programaren barruan antolatu du Enplegunea, seigarren aldiz. 80 lanpostu eskainiko dira eta horietatik 45 diruz lagunduko dira. Kontratazioek sei hilabeteko luzapena izango dute, gutxienez, eta lanaldi osokoak izango dira. Hori bai, kontratazioak abenduaren 30a baino lehen egin beharko dira.

Enplegunearen helburua, ahalik eta langabetu gehien lan merkatuan sartzea izango da, Leire Otaegi, Tolosaldea Garatzeneko enplegu sustapenerako teknikariak azaldu duenez. «Enplegunean aurrez aurre jarriko dira langile berriak kontratatu nahi dituzten enpresak eta lan bila dabiltzan herritarrak». Hori aurrera eramateko, Tolosaldea Garatzen arduratu da enpresekin harremanetan jartzeaz. Guztira 54 enpresa interesatu dira; «hala ere, badira enpresak Enplegunera etorri nahi dutenak eskualdeko jendea ezagutzera, nahiz eta diruz lagundutako proiektu horretan ez sartu». Urriaren 10ean eta 11n izango da egitasmoa, 08:00etatik 15:00etara, Lehiberri zentroan.

Era guztietako eskaintza izango dela zehaztu du Otaegik. «Gonbidapena egiten diegu langabetuei lan eskaintza horiek ikus ditzaten, Tolosaldea Garatzeneko web orrian ditugu guztiak ikusgai». Edozein zalantza izanez gero, Lehiberriko zentrora joateko eskatu dute antolatzaileek. «Enplegunean edozer gertatzen da, batzuetan momentuan egiten dira kontratuak, eta beste batzuetan, ezagutu eta handik epe batera deitzen zaio jendeari», esan du Otaegik.

BALORAZIO POSITIBOA

Tolosaldeko udalen izenean hitz egin du Tolosako alkate Olatz Peonek. «Azken lau ediziotan 150 lanpostu lagundu dira diruz, eta horietatik %70ak lanean jarraitzen du, diruz lagundutako epea amaitu ondorenean ere».

Iazko edizioari ere egin dio aipamena alkateak eta esan du Enplegune azokan 70 lan eskaintza baino gehiago eskaini zirela, eta horietatik 45 lanpostu lagundu zirela diruz. «Horietatik %49k lanean jarraitzen du, epea amaituta ere; eta 7 lagunei kontratu finkoa egin zaie», azaldu du. Zentzu berean, Tolosaldea Garatzenen norabidea gogorarazi du: «Jarduera ekonomikoa sustatzea da gure lan lerro estrategikoena, gehienbat, aukera berriak sortzeko eta kalitatezko enplegurako sorrera bultzatzeko». Enpresengandik gertu egotea ahalegin berezitzat dutela dio, eta esan du egungo eta etorkizuneko erronkei erantzun ahal izateko, funtsezkoa dela beraien beharrak ezagutzea, eta baita Lanbide Heziketa enpresen beharretara egokitzea ere.

IRUDI OROKORRA

Tolosaldeko langabetuen datuei begira jarri da Gurutze Etxezabal, Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria: «Eskualdeko langabezia tasa %8,4koa da, egun; aurten, lehen aldiz, krisi aurreko, 2008ko, datuetara iritsi gara eta 1.948 langabe ditugu gaur egun Tolosaldean». Joera positiboa den arren, hobetzeko tarteak badituztela azaldu du Etxezabalek, izan ere, «badaude hainbat kolektibo, oraindik, lana aurkitzeko bide horretan zailtasun gehiago dituztenak». Horren adierazle dira besteak beste, langabetuen %62 emakumea izatea, %49 40 urtez gorakoa, %21 atzerritarra eta %61 oinarrizko ikasketak dituztena.

TARTEAN, JARDUNALDI BAT

Enplegunearen lehen egunean, urriaren 10ean, jardunaldi bat egingo dute, Lehiberrin, 09:00etan hasita: «Antolakuntza erakargarriak sortzeko estrategia berriak: talentua galtzeko beldurretik, mantendu eta sustatzeko aukerara». Belauntzako Cadinox enpresaren eta Oiartzungo Salto Sistems enpresaren testigantzak entzuteko aukera izango da. Langabetuentzat zein enpresentzat interesgarria izango dela azpimarratu du Otaegik.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!