Euskaraldiaren arrastoari segi, eta erabilera piztu nahi du Galtzaundik

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko urr. 2a, 15:58

'Euskaraz bizi ahal gara!' hitzaldi sorta antolatu du Galtzaundik, herriz herriz; bihar izango da lehena, Tolosako kultur etxean.

Hamaika egunez euskaraz bizitzeko erronka jaso zuten, iaz, euskal herritarrek. Lehen Euskaraldiak bizipen eta hausnarketa berriak utzi zituen hiztunen artean, eta hainbat hilabeteko lanaren ondoren, datu zenbakidunak heldu dira hiztun horien esku artera. Galtzaundi euskara taldeak, horrela, Euskaraldiaren arrastoa eta Tolosaldeko erabilera eta ezagutza datuak baliatu nahi ditu, eskualdean euskaraz bizitzea benetako aukera bat dela mahai gainean jarriz. Herriz herriko hitzaldi zikloa aurkeztu dute horretarako, Euskaraz bizi ahal gara!izenburupean, eta Tolosan izango da lehena, bihar bertan.

Egitasmoak jomugan du herritarrak kontzientziatzea, eta euskara hutsean bizitzeko aukera horren bueltan ahalduntzea. Horrela, iaz Euskaraldiaren bueltan sortutako taldeak eta sarea baliatu nahi dituzte, hitzaldiokin horri jarraipena emateko. Tolosako kasuan, Kike Amonarriz Galtzaundiko lehendakaria eta Ane Izagirre Galtzaundiko kidea izango dira hizlariak; gainerako hitzorduetan ere, euskara taldearen bueltako hizlariek eskainiko dituzte azalpenak.

Besteak beste, egoera soziolinguistikoaren errepasoa egingo dute, eta Euskaraldiko ondorioak eta datuak nabarmenduko dituzte ondoren, Haritz Azurmendi eta Mikel Ozaita Galtzaundiko kideek aurkezpen agerraldian azaldu zutenez: «Euskal Herriko datuak ezagutzera eman dituzte, baina Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketak aukera eman digu Tolosaldeko erradiografia bat egiteko ere». Azkenik, erronkak hizpide izango dituzte saioetan: hurrengo Euskaraldiarenak, Tolosaldeko Euskararen Mahaiarenak eta Galtzaundi euskara taldearenak.

LANTOKIAK ERRONKA

Euskaraldia amaitu ondorengo hiru inkestak erantzun zituzten herritarrek osatu dute, Soziolinguistika Klusterraren ikerketa kuantitatiborako lagina: «Euskal Herrian, lehen inkesta 45.000 pertsona inguruk erantzun zuten, eta hiru galdetegiak 18.000 inguruk; azken horiek bakarrik dira balekoak». Tolosaldean fokua jarrita, berriz, 900 inkesta inguruko lagina izan dute, iazko ariketaren eragina neurtu eta ondorioak ateratzeko.

Datuk batzuk nabarmentzearren, aipatzekoa da, euskararen erabilera bi puntu igo zela Tolosaldean, Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera. Igoera nabarmenena, gainera, ezezagunen artean gertatu zen, %44ko erabileratik %77ra; hamaika eguneko ariketa amaitu eta hiru hilabetera, euskara erabiltzen jarraitu zutenak hiztun horien %53 ziren.

Baliteke aldaketa horren protagonista nagusiak Belarriprest rola aukeratu zuten hiztunak izatea. Izan ere, eskualdeko Belarriprestek %29tik %57ra igo zuten erabilera, Euskaraldiak iraun zuen bitartean.

Soziolinguistika Klusterrak xehatutako datuek hutsuneei begiratzeko aukera ere ematen dute, eta honakoa diote zenbakiek: euskararen erabilera apalena eskualdeko lantokietakoa dela. Horren harira, Mikel Ozaitak iradoki zuen, bigarren Euskaraldiko erronketako bat izango dela lan eremua euskalduntzea.

Finean, datu sorta horrek eta Galtzaundik antolatutako hitzaldiek ikuspegi errealistago bat eraikitzeko zubi izan nahi dute, Tolosaldeko herritarrentzat.

USTE BAINO GEHIAGO

Portzentaje eta zenbakietatik harago, iazko Euskaraldiak betaurrekoak jantzi zizkion hiztun askori, norbere hizkuntz jarrerak eta gainerakoenak aztertzeko.

Bide horretan, Galtzaundik azpimarratu du, bi txapa identifikagarriek Ahobiziarenak eta Belarriprestarenak balio izan zutela hiztunak elkar elikatzeko: Ahobiziak bultzatu zituela euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egitera, eta Belarriprestei piztu ziela beti euskaraz erantzuteko beharra.

Ikuspuntu berri horren jabe izanda, Euskaraldiko hainbat parte hartzaile jabetu dira, beren hizkuntz ohituren inguruan zuten idealizazioaz. Kontrara, beste askok ikusi dute, inguruan uste baino euskaldun gehiago dituztela. 

HITZALDIAK HERRIZ HERRI

Tolosa.Urriak 3, 18:30, kultur etxea.

Irura. Urriak 9, 18:30, gela borobila.

Zizurkil.Urriak 10, 19:30, Iriarte.

Amasa-Villabona. Urriak 16, 18:30, Mintzola.

Zizurkil. Urriak 17, 19:30, Plazida Otaño.

Leaburu-Txarama.Urriak 18, 18:00, balio anitzeko gela.

Anoeta.Urriak 19, 10:30, udaletxea.

Asteasu. Urriak 23, 19:00, udaletxea.

Altzo.Urriak 24, 19:00, Batzarremuño.

Berastegi.Azaroak 22, 18:30, udaletxea.

Ibarra. Azaroak 28, 19:00, Txontx0.

Alegia. Abenduak 4, 19:00, kultur etxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!