Berrikuntzaren bidetik enpresa haztea helburu

Ataria 2019ko urriaren 1a

Enpresa txiki eta ertainentzat (ETE) Hazinnova aholkularitza zerbitzua aurkeztu dute gaur goizean Lehiberrin: "Lana antolatzeko edo zure enpresako produktu eta zerbitzuak merkaturatzeko modu berriak ezartzeko" laguntza dela azaldu dute. 

Hazinnova doako aholkularitza zerbitzua da, enpresa txiki eta ertainentzat. Innobasque, Spri eta Eusko Jaurlaritzaren ekimena eskualdez eskualde aurkezten ari dira. Gaurkoa, Lehiberrin, bigarren aurkezpen ekitaldia izan da. Irailaren 19an Durangon abiatu ziren. Tolosaldeko aurkezpena Tolosaldea Garatzenen eskutik etorri da, besteak beste, eskualdeko ETE-ei laguntzeko asmoz. Hain justu, Tolosaldea Garatzen Hazinnova agentea dela azaldu dute, hau da, zerbitzua inguruneko enpresei ezagutzera emateaz arduratu eta bitartekari lanez arduratuko da. 

Aholkulari zerbitzuaren oinarrian berrikuntza egongo da. Hazinnova 6 eta 99 langile bitarteko enpresei zuzentzen zaie. Aholkulariak enpresa bakoitzaren egoera banan-banan aztertu, lana antolatzeko edo produktu nahiz zerbitzuak merkaturatzeko bide berriak ezartzeko estrategia-ildoak finkatu eta horretarako beharrezkoa den izapide administratibo oro burutuko du, eta "guzti hori dohainik". 

Hazinnova 2,5 milioi euroz hornituta dagoela azaldu dute aurkezpen ekitaldian. Spri Taldeak eta Innobasquek aurreikusten dutenaren arabera, 2.400 ETEra iritsi nahi dute. Enpresa bakoitzak urtean bi mikro-proiektu abiatu ahalko dituela ere esan dute. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!