Euskaraldiak utzitako arrastoa baliatu nahi du Galtzaundik, eskualdea erabileran pizteko

Itzea Urkizu Arsuaga 2019ko ira. 30a, 17:51

Euskaraz bizi ahal gara! hitzaldi zikloa aurkeztu du euskara taldeak; urritik abendura bitarte, iazko esperimentuaren ondorena xehatuko dute herritarrekin.

Tolosaldeko erabilera eta ezagutza datuak, eta iazko Euskaraldiaren arrastoa kontuan hartuta, eskualdean euskaraz bizitzea benetako aukera bat dela mahai gainean jarri nahi du, Galtzaundi euskara taldeak. Herriz herriko hitzaldi zikloa aurkeztu dute horretarako, Euskaraz bizi ahal gara! izenburupean, eta Tolosan izango da lehena, datorren ostegunean.

Egitasmoak jomugan du herritarrak kontzientziatzea, eta euskara hutsean bizitzeko aukera horren bueltan ahalduntzea. Horrela, iaz Euskaraldiaren bueltan sortutako taldeak eta sarea baliatu nahi dituzte, hitzaldiokin horri jarraipena emateko. Tolosako kasuan, Kike Amonarriz Galtzaundiko lehendakaria eta Ane Izagirre Galtzaundiko kidea izango dira hizlariak; gainerako hitzorduetan ere, euskara taldearen bueltako kideek eskainiko dituzte azalpenak.

Besteak beste, egoera soziolinguistikoaren errepasoa egingo dute, eta Euskaraldiko ondorioak eta datuak nabarmenduko dituzte ondoren, Haritz Azurmendi eta Mikel Ozaita Galtzaundiko kideek azaldu dutenez: "Euskal Herriko datuak ezagutzera eman dituzte, baina Soziolinguistika Klusterrak egindako ikerketak aukera eman digu Tolosaldeko erradiografia bat egiteko ere". Azkenik, erronkak hizpide izango dituzte saioetan: hurrengo Euskaraldiarenak, Tolosaldeko Euskararen Mahaiarenak eta Galtzaundi euskara taldearenak.

Lantokiak euskalduntzera

Soziolinguistika Klusterraren ikerketa kuantitatiborako lagina, Euskaraldia amaitu ondorengo hiru inkestak erantzun zituzten herritarrek osatu dute: "Euskal Herrian, lehen inkesta 45.000 pertsona inguruk erantzun zuten, eta hiru galdetegiak 18.000 inguruk; azken horiek bakarrik dira balekoak". Tolosaldean, horrela, 900 inkesta inguruko lagina baliatu dute, iazko ariketaren eragina neurtu eta ondorioak ateratzeko.

Datuk batzuk nabarmentzearren, aipatzekoa da, euskararen erabilera bi puntu igo zela Tolosaldean, Euskaraldia amaitu eta hiru hilabetera; igoera nabarmenena, gainera, ezezagunen artean gertatu zen. Hutsuneei begira jarriz, berriz, datuek diote euskararen erabilera apalena eskualdeko lantokietakoa dela. Horren harira, Mikel Ozaitak iradoki du bigarren Euskaraldiko erronketako bat izango dela lan eremua.

Finean, datu sorta horrek eta Galtzaundik antolatutako hitzaldiek ikuspegi errealistago bat eraikitzeko zubi izan nahi dute, Tolosaldeko herritarrentzat.

Euskaraz bizi ahal gara! hitzaldi sorta, hitzorduak

Tolosa. Urriak 3, 18:30, kultur etxea.

Irura. Urriak 9, 18:30, gela borobila.

Zizurkil. Urriak 10, 19:30, Iriarte.

Amasa-Villabona. Urriak 16, 18:30, Mintzola.

Zizurkil. Urriak 17, 19:30, Plazida Otaño.

Leaburu-Txarama. Urriak 18, 18:00, balio anitzeko gela.

Anoeta. Urriak 19, 10:30, udaletxea.

Asteasu. Urriak 23, 19:00, udaletxea.

Altzo. Urriak 24, 19:00, Batzarremuño.

Berastegi. Azaroak 22, 18:30, udaletxea.

Ibarra. Azaroak 28, 19:00, Txontx0.

Alegia. Abenduak 4, 19:00, kultur etxea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!